Jendetza bildu zen atzo, osteguna, Zarauzko Lege Zaharren enparantzan, triatleta olinpikoari eginiko omenaldian. Kirol Merezimenduaren Domina jaso zuen udalaren eskutik, eta Zarautz Triatloi Elkarteak euskal makila eman zion oroigarri gisa.
Triatloi elkarteko kideek bizikletako gurpilekin eginiko arkuarekin eman zioten ongietorria Muruari, eta modu horretan abiatu zuten herri omenaldia. Xabier Euzkitzek aurkeztu zuen ekitaldia, hainbat ikus-entzunezkoz lagunduta.
Zarauzko udalbatzak larunbateko aparteko osoko bilkuran onartu zuen Muruari Kirol Merezimenduaren Domina ematea, bere kirol lorpenengatik eta baita ibilbidean zehar erakutsitako giza baloreengatik ere. Xabier Txurruka alkatearen eskutik jaso zuen oroigarria. Zarautz Triatloi Elkarteko presidente Patricia Damianek, elkarteko kideen izenean, euskal makila oparitu zion atzokoan.
Sorpresa gehiago ere izan ziren; izan ere, Nahikari Gabilondok eta Andoni Egañak bina bertso eskaini zizkioten hasieran, eta amaieran Alaitz Aiertza eta Agurtzane Ezeiza lagunek agurra dantzatu zioten. "Aupa Ainhoa, oe, oe, oe!" leloa ere abestu zuten ekitaldian zehar triatloiko kideek eta herritarrek, eta hainbat alditan hartu zuten txalo artean kirolaria.
Murua hunkituta agertu zen, eta halaxe azaldu zuen domina hartzean: "Ez dut hitzik. Ateratzen zaidan bakarra eskerrak ematea da". Rioko azken esperientzia ez dela ona izan aitortu, baina etxera itzultzerakoan babes handia sentitu duela jakinarazi zuen: "Oso maitatua sentitzen naiz eta hori niretzako dominarik handiena".
Argazki bilduma Zarauzko Hitzaren webgunean ikus daiteke.