Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako elkarteak jardunaldiak antolatu ditu Urola Kostan datozen egunetarako
Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko Gipuzkoako elkarteak jardunaldiak antolatu ditu Urola Kostan, Urkomek, Zarauzko Udalak eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak lagunduta. Horien artean, bat Zarautzen izango da. Hain zuzen, bihar bertan Zarauzko Produktu Ekologikoen XX. Azoka Berezia atonduko dute Lege zaharren enparantza eta Zigordia kalearen artean.
10:00etatik 14:00ak arte izango da zabalik, eta bertako produktu ekologikoen dastaketa (11:30ean), umeentzako landaketa tailerra, ekoizleak ezagutzeko aukera, barazki ekologikoez osatutako otarren zozketa, produktuak dastatzeko aukera, informazio postuak eta musika izango dira.
Bi baserrietara bisita, asteburuan
Larunbatean, berriz, Beizamako Ilarralde auzoan dagoen Urkizahar baserria bisitatzeko aukera izango da. Txakolin ekologikoa egiten dute bertan, eta prozesua bertatik bertara ezagutu ahalko da. Doan izango da. Bisitan parte hartu nahi dutenek Biolurrera, 943-76 14 47 telefonora deitu beharko dute izena emateko.
Igandean, beste baserri batera antolatu dute bisita: Azpeitiako Izarraitz auzoko Komuntzora, baratzezaintza, frutazaintza eta abeltzaintza ekologikoaren nondik norakoak ezagutzeko. Irteera hori ere doan izango da eta telefono berera deitu beharko da izena emateko.