Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur, Aste Nagusiko bosgarren egunean ere hainbat jarduera izango dira. Nagusia gauekoa izango da: Desioak sutan Sahararentzat elkartasun ekitaldia. 22:00etatik hasita, 2.800 su bola botako dituzte malekoitik, saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. Piztu eta utzi desioari hegan egiten lelopean, herritarrek beren desioak piztu eta aireratuko dituzte. Urtero legez, ekitaldian bildutako dirua Saharautz elkarteari emango diote.
Horrez gain, egunean zeharrerako ere hainbat ekimen antolatu dituzte. 17:00etan, haurrentzako marrazki txokoa izango da Dama inguruan, eta aurpegi pintaketak ere bai. Berritasun modura, Nerabeen Gunea ere izango da gaur. 18:00etatik 21:00etara, Lege Zaharren enparantzan rokodromoa, futbolina, haize mahaiak, tirolina eta apar festa izango dira, besteak beste. Era berean, Markeline taldeak Crusoe ikuskizuna eskainiko du, 19:30etik aurrera Daman.