Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azaroaren 15era arte dago epea zabalik.
Urtero legez, Zarauzko Udalak, EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan antolatu du haur ipuin lehiaketa. Txapelketaren helburua haurrei eta gazteei zuzenduriko literatura sustatzea da. Dagoeneko aurkez daitezke lanak sariketara, azaroaren 15era bitartean, hain justu.
Jatorriz euskaraz idatzita egon beharko dute testuek, eta originalak izan beharko dute, inoiz argitaratu gabekoak. Gaia librea izango da eta parte-hartzaile bakoitzak lan bat edo gehiago aurkez ditzake.
Makinaz idatzita egon beharko dute, Times New Roman letra motan,DIN A4 orrietan eta lerro tartea bikoitza utzita. Bestetik, 24.000 kataktere baino gutxiagoko lanak ez dira onartuko.
Era berean, egileek lanaren ale bat bidali beharko dute, izengoitiz sinatuta eta aparteko gutun-azal itxi batean. Gutun-azalean izengoitia, izen-abizenak, helbidea eta kontakturako telefonoa adierazteko eskatu zaie egileei. Posta arruntez igorritako lanak ziurtatutako gutunean igorri behar dira.
Lanak Udaleko Kultura sailera bideratu beharko dituzte, Sanz Enea kultur etxera.
Epaia abenduan emango du jakitera epaimahaiak. Sari bakarra banatuko dute, 3.700 eurokoa. Era berean, lan saritua argitaratu egingo du Udalak. Zehazki, 2.500 ale kaleratuko ditu. Argitalpena sari banaketa egun berean kaleratuko da, datorren urteko apirilean, hain zuzen.