Nekane Iribar eta Ixidor Larrañaga, Kultura eta Turismo zinegotziak, hurrenez hurren.
"Zarautzen Aste Nagusi bat merezi duelako". Horregatik antolatu dute zazpi eguneko egitaraua Zarauzko Turismo eta Kultura sailek elkarlanean, Ama Birjinaren jaien bueltan. Larunbat honetan hasi eta datorren igandera arte askotariko ekitaldiak izango dira udalerrian. Gaur aurkeztu dute egitaraua Ixidor Larrañaga eta Nekane Iribar Turismo eta Kultura zinegotziek, hurrenez hurren.
Hilaren 18rako antolatu dute ekitaldi nabarmenena: Los Secretos taldearen kontzertua. Malekoian, Dama inguruan oholtza bat atonduko dute horretarako. Cadena 100 irrati katearen eskutik etorriko da talde hori eta sarrrera librea izango da.
Eszenatoki hori aprobetxatuz, bestelako jardunaldiak egingo dituzte gune horretan: haurrentzat saioa hilaren 15ean; Demode Quartet laukotearen emanaldia hilaren 16an; Markeline taldearen
Crusoe ikuskizuna hilaren 17an; Alos Quartet, Oreka TX eta Aukeran taldeen eskutik Garden musika eta dantza emanaldia hilaren 18an eta hilaren 19an, berriz, Zarautz Uda Music Festival. Sei taldek hartuko dute parte: Habana 537, Mambo Fango DJ, Paul San Martin eta Romain G, Jesus Bombin DJ, The Allnighters eta Ma-Ma's DJ-ek.
Hilaren 13an estropadekin emango diete hasiera jaiei, eta igandean, hilaren 14ean, botako dute txupinazoa, haiei hasiera emateko. Aurten une hori indartu nahi izan dute, eta txaranga, buruhandi eta erraldoiekin girotuko dute.
Aurten, gainera, bi gauetan izango dira su artifizialak Ricardo Caballer etxearen eskutik: hilaren 15ean eta 16an, zehazki.
Hurrengo egunean, abuztuaren 17an, Desioak Sutan Sahararentzat ekitaldia izango da Dama inguruan. Dagoeneko salgai daude su bolak Zarauzko Turismo Bulegoan zein itsas pasealekuko informazio puntuetan.