Dekatloi dramatikoaren ibilbide bizi-bizia

Zarauzko Hitza 2016ko uztailaren 28a

Estricalla boskoteak ‘Dramatik-Thlon’ lan berria argitaratu du, hardcore ildoan, baina zati rockeroak eta ahots melodikoak uztartuz. Hodei Esteban gitarrista zarauztarra taldeko kideetako bat da.

"Taldekide gehienok nahiko kirolzaleak gara, eta beti izan gara kiroletako entziklopedien eta irudi zaharren zaleak. Estetikoki asko gustatzen zaigunez, kontzertuetako karteletan eta diskoetako diseinuetan erabili ohi ditugu, eta izenburuetan ere halako hitz jokoak egiten ditugu". Kasu honetan, aintzinako igerilari batzuekin irudikatu du lan berriaren azala Estricalla taldeak, eta Dramatik-Thlon izena jarri diote, atletismoko dekatloi probari erreferentzia eginez. Horren atzean, ordea, esanahi sakonago bat duela azaldu du Hodei Esteban gitarristak: "Egun bizi dugun egoera dramatikoa da, baina batez ere denboran eta espazioan egiten den ibilbide bat bezala da; batetik, gure bizitza litzatekeena, eta bestetik, errefuxiatuena. Horrekin lotu nahi izan dugu izenburua". Dramatik-Thlon hitz joko hori Nik-Pizar-Nik abestian oihukatzen dute, gainera; kantuan Alejandra Pizarnik poeta argentinarraren olerki batean oinarrituta.

Bizkortasun melodikoa

11 abesti berri jaso dituzte, euskaraz, ohiko hardcore doinu biziei fidel. Hala ere, pasarte rockeroagoak sartu dituzte, eta ahotsa bera ere melodikoagoa da. Taldearen hasierako diskoak gordinagoak ziren, melodia gutxirekin eta oso zuzenak. Triple Asalto Mortal (2014) lanean bigarren gitarrista gisa sartu zen taldean Esteban, eta formazio aldaketarekin gitarrak gehiago lantzen hasi ziren, baita erritmo aldetik "gauza berriak" egiten ere. Hutsartea (2015), hurrengo lana, rockeroagoa atera zitzaien, eta lan berriak haren ildoa jarraitu du, baina "egur gehiagorekin". Gainera, "badira zati asko duela urte batzuk egingo ez genituenak". Ahotsa melodikoago bihurtuta, abestiek "argi gehiago" dutela dio gitarrista zarauztarrak. Baina, aitzitik, "letra gehienak nahiko ilunak dira". Horregatik diskoaren diseinua ere kolore beltzez  hornitu dute. Lana jada kalean da, CD formatuan, eta abuztuan biniloan ere ikusiko du argia; abestiak taldearen Bandcamp atarian daude entzungai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide