Emakumeen Superligako txapeldun Laura Gomez, Maite Lizaso eta Irene Paredes futbolariak omentzeko bazkaria egin zuten larunbatean, Kulixka jatetxean. Lizasok eta Paredesek aurten erdietsi dute garaipena Athletikekin, eta Gomezek duela urte batzuk Bartzelonarekin; egun futbola utzita dago. Paredesek ezin izan zuen bertaratu, Parisen dagoelako; Paris Saint Germain taldeak fitxatu du eta astelehen honetan hasi da entrenamenduekin.
Bazkarian hainbat belaunalditako jokalariek hartu zuten parte, baita haien garaiko zuzendaritzako kideek, entrenatzaileek eta laguntzaileek ere. Hasierako helburua hiru jokalariak omentzea baldin bazen ere, jokalariek ezustekoa eman zieten Zarauzko klubean berariekin ibilitako guztiei, eskerrak emanez.
Bazkaltzen hasi aurretik, testu bat irakurri zuen Lizasok, hiruren izenean. "Argi dugu, hau dena [lortutako garaipenak] ez zela posible izango duela urte batzuk lagun talde batek egindako esfortzu eta borroka izan ez balitz", adierazi zuen. Eskerrak eman zizkieten zuzendaritzari, babesleei, jokalariei eta urte guzti haietan entrenatzaile izandako Agustin Mujika
Belmonteri, "futbola emakumeen gauza ere badela erakustegatik". Eta, bereziki, "arratsalde batean Lizardi Institutuan bildu zen lagun talde hari, gure ametsak egi bihurtzeagatik". Ondoren, aurreskua dantzatu zuten Lizasok eta Gomezek.
Bazkalostean, Oiartzungo jokalari Marina Agouesek Paredesek bidalitako testua irakurri zuen, eta Belmontek bere garaian idatzi zuen agur bertsoa abestu zuen.
Argazki bilduma
Zarauzko Hitzaren webgunean ikus daiteke.