Amagoia Gurrutxaga: "Argi dagoen gauza bakarra da kazetaritzak iraun egingo duela"

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 27a

(E. Albizu Lizaso) Rikardo Arregi sarietako epai-mahaiaren aipamen berezia jaso du Amagoia Gurrutxaga (Matxinbenta, 1971) Berriako kazetariak. Esparru askotan ekintzaile izandako Kristine Etxaluz (Domintxaine, Zuberoa, 1941) elkarrizketatu zuen sakon Gurrutxagak Jakin aldizkarirako, eta kazetariaren arabera, Etxaluzena da saria, bere izaera eta ibilbidea direlako lanaren mamia. Zer garrantzia du zuretzat aitorpen horrek? Sariak jasotzea beti da pozgarria. Kazetaritzari ez zaio ematen prestigio handirik, eta euskarazkoari oraindik eta gutxiago; baina sari honekin lortzen dugu euskarazko kazetaritzak urtean behin erdarazko hedabideetan ere oihartzuna izatea. Oso gogorra da oraindik Euskal Herriko hedabideen egoera; komunikabide askotan daude euskarazko prentsa edo baliabideak kontsultatzeko gai ez diren kazetariak. Jakinerako egin dudan elkarrizketa, esate baterako, ezingo dute ulertu herri honetako hedabideetan lan egiten duten politika saileko kazetari askok, hori aldatu beharra dago. Zeuk aukeratutako pertsonaia izan zen Etxaluz? Jakin aldizkariko Lorea Agirre zuzendariak proposatu zidan. Urtero egiten dute halako elkarrizketa luze bat, biografikoa; eta orain artean inoiz ez zioten egin emakume bati. Elkarrizketa sakona da, denboraz eta mimoz egindakoa. Bai. Hiruzpalau aldiz joan gara berarengana, eta sei edo zazpi ordu ditut grabatuta. Telefonoz eta Internet bidez ere harremana izan dugu, eta denbora dezente eskatu dit lanak. Oso esperientzia ona izan da, ordea, Etxaluz ezagutzea, bere bizitza pelikula bat bezalakoa baita. Zer esango zenieke Etxaluzez elkarrizketa irakurri ez dutenei? Ekintzaile bat izan zela: emakumeak bigarren planoan zeuden garaian, lehen planotik eragin zuen ekintzailea. Arlo guztietan jardun zuen: politika, gizartea, kultura, antzerkigintza... 68ko maiatzean Parisen zegoen, eta oso bertatik bizi izan zuen giro hura. Ondoren, saiakera egin zuen ikasitako guztia euskarara ekartzeko. Kartzelara sartu zuten Iparraldeko lehen ETAko militantea izan zen Etxaluz;?eta ondoren jakin dut musa edo inspirazio iturri bat izan zela garai hartako gizon askorentzat. Hauteskundeetara ere aurkeztu zen. Emakume indartsua zen, etengabe lanean jardun zuena. Egiten zuen guztia gizartea aldatzeko egiten zuen. Garai hartan militatu izanak;?eta, gainera, emakumea izanda, ematen dio izaera berezia? Bai, baina oso desberdina zen egoera Ipar Euskal Herrian eta Hegoaldean. Hegoaldean, Frankismoak markatzen zuen emakume izateko modu bat:?ama, alaba, arreba... zaindari ona. Iparraldean, Frantziaren eraginez, ez zen horren markatua. Sektoreari begira jarrita, sari banaketan aipatu zenuen ez zenuela argi (E. Albizu Lizaso) ikusten erakunde publikoek sinisten ote zuten euskal hedabideen estrategikotasunean. Informazioaren gizartean, informazioa zein hizkuntzatan eman eta jasotzen den estrategikoa da. Euskarazko hedabideak gutxiengoaren gutxiengoa gara;?eta, halere, izoztuta ditugu diru-laguntzak, 2011-2012 urteetatik. Prezioak-eta igo egin dira enpresentzat, eta laguntza berarekin ez gara iristen. Argi dago, sektore batzuk estrategikoak dira makroekonomikoki, eta horiei laguntzen zaie, hori da apustua; industria, kasu. Gu ere estrategikoak omen gara, baina ez dugu laguntza bera jasotzen. Gainera, guk ere aberastasuna sortzen dugu, eta langileak elikatzen ditugu; baina gure sektorea ez dute horrela ikusten. Egunkaria itxi zigutenean, adibidez, ehun langiletik gora utzi gintuzten kalean, Espainiako Gobernuak hala nahita. Halere, ez zen etorri Ekonomiako sailbururik lanpostuak defenditzeko aldarrikatzera. Kulturakoa etorri zen, eta oso ondo dago, baina gu ere langileak gara. Aurki izango dute euskarazko hedabideek Eusko Jaurlaritzaren laguntzak eskatzeko garaia. Irismena gailendu zen joan den urtean. Bai, eta maila berean jarri zituzten hedabide nazionalak eta tokian tokikoak. Doako egunkari eta aldizkariak eta ordaindu behar direnak ere parez pare jarri zituzten. Ezin da hori egin: hedabide bat ordaindu egin behar denean, normalena da etxe gutxiagotara iristea. Irismena kontuan hartzeko faktore bat da, jakina; baina ez da bakarra eta garrantzitsuena. Laguntza horien helburua izan behar da euskaldunei aukera ematea euskaraz informatzeko mundu zabalean zein etxetik gertu gertatzen diren gauzez:?urrunekoa zein bertakoa. Gezurra da euskaldunei gertukoa soilik interesatzen zaiela, euskaldunek ere jasotzen dituzte munduko albisteak, baina askotan, erdaraz. Zer nahi dugu gauza serioak, benetakoak, erdaraz egitea, eta atariko kontuak euskaraz? Hori ari dira iradokitzen batzuk. Ni euskalduna naiz eta euskaraz nahi ditut munduko albisteak: kontrastatuta eta ondo idatzita, beste edozein hizkuntzatan bezala. Hori ere estrategikoa da, zure burua ohitzen delako dena euskaraz egitera eta ulertzera. Irismen-lurraldearen egoera soziolinguistikoa ez da kontuan hartzen, beraz. Ez da gauza bera herri edo eskualde euskaldun batean banatzen den egunkaria edo egunkari nazional bat. Izan ere, egoera soziolinguistikoa oso desberdina da, eta hori guztiok dakigu. Beraz, hitz egin behar duguna da nolatan heldu dioten irizpide horri, kontu hori jakinda. Euskarazko prentsa eta hizkuntzaren normalizazioa. Elkar eragiten dute? Euskararen ezagutza goraka doala errepikatzen dute behin eta berriro, baina zer gertatzen da erabilerarekin eta kalitatearekin? Nik Berrian egiten dut lana, eta ikusten dugu unibertsitatetik datozkigun gazte askok ez dutela ondo idazteko gaitasuna. Kezka handia dut. Izan ere, uste dut ez dela belaunaldi oso bat behar hizkuntza trakesteko; gaur egun, urte gutxi batzuk nahikoa dira. Hori bai, belaunaldiak beharko dira hura berreskuratzeko. Hasi behar dugu gauzak behar bezala egiten, eta horretarako gogoa, jendea eta laguntza ekonomikoa beharrezkoak dira. Euskal prentsan zein kazetaritzan, oro har, asko hitz egiten da paperaren beherakadaz eta aurrera egiteko eredu berriez. Uste dut tranpa dagoela hor:?paperezko euskarrirako egiten den lanagatik ez balitz, ez dakit sarekoak diren hedabide askok izango ote luketen horrenbeste mami. Erraz esaten da desagertu egingo dela, baina ez dut horren argi ikusten. Hala ere, egia da gailentzen ari dela informazioa pantaila aurrean kontsumitzeko joera. Creative Commons eredua ere oso zabalduta dago, eta bat egiten dut nik, baina hor aztertu behar da doan izateak zer neurritan izan dezakeen eragina langileei ordaintzerakoan. Inork ez badu ezer ematen trukean zuk eginiko lanagatik eta erakunde publikoek ez bazaituzte babesten, nola ordain daiteke zure lana? Gero eta gauza gehiago nahi ditugu doan, baina gu ez gaude prest ezer emateko. Zaila da jakitea prentsaren sektorean aldaketak zer abiaduratan gertatuko diren: unean-unean moldatu behar? Bai, baina zerbait egingo dugu. Argi dagoen gauza bakarra da kazetaritzak iraun egingo duela. Informazioa gobernuek kontrolatutako agentziek eta erakundeek soilik eman behar badute, esango didazu zer gizarte izango dugun, lehenaz gain. Orduan egi bihurtuko dira Orson Wellesen istorio horiek guztiak.

"Gogoratzen jarraitu nahi dutenek puskatu dezakete isiltasuna"

(E. Albizu Lizaso) Zarauzko postalak. 36ko gerra liburua argitaratu zuen Gurrutxagak, 2013an Zarauzko Udalarekin, eta webgune bat ere jarri zuten abian hura osatzeko. Udazkenean, Zarauzko gutunak kaleratuko du. Interesak eta jardunak lagunduta, garai hartako memorian aritua eta aditua bihurtu da kazetaria. Zer kontatuko duzu datorren liburuan? Zarauzko postalak lana 36ko gerrako argazki orokorra izan zen; eta, oraingoan, elkarrizketetatik abiatuta, lehen pertsonan jorratuko dut gaia, herritarren gerra puska kontatuko dut. Denetik dago liburuan, desagertutako pertsonen familiak, torturatuenak eta abar. Gainera, gerra gehien sufritu dutenei ahotsa emango zaie; ez frontera joan zirenei, baizik eta etxean gelditu zirenei. Testigantzez gain, herritarren gutunak erabiliko ditut kontakizunetarako:?aristokraziaren pisua, egoera sozioekonomikoa, desagerpenak... Noiztik ari zara horrekin lanean? Duela hamalau urte hasi nintzen elkarrizketak egiten, neure erara; eta beste batzuk orain egin ditut. Lan honetan hasi nintzen uste nuelako testigantzak jaso egin behar zirela, galdu aurretik. (E. Albizu Lizaso) Nola sortu zitzaizun halako interesa gai baten inguruan? Kazetaritza ikasten ari nintzela, Argia astekarian hasi nintzen lanean. Han konturatu nintzen adin batetik aurrerako pertsona guztiek gerraz hitz egiten zutela, eta nik ez nekiela ezer horren inguruan. Haien eta gure bizitza baldintzatu zuen, eta nik enekien ezer. Adineko pertsonei hasi ginen elkarrizketak egiten, proiektu finkorik gabe. Duela hiru urte egin zidaten proposamena udaletxetik. Berriaren Oroiteria webgunean bildu duzue 36ko gerraren inguruko informazioa, euskaraz. Berrian ikusi genuen gauza pila bat idatzi dela gerraren inguruan euskaraz, baina ez daudela bilduta, erraz aurkitzeko moduan. Edukiak jaso ditugu, eta modu erakargarri batean aurkeztu. Ahotsak.eus-ek eginiko elkarrizketak daude, urteetan ateratako esanen biltegia, gerraren zergatiak eta kokapena, hobien mapa, argazki zaharrak... Eraikitzen ari gara orrialdea, eta nahi dugu garaiko abestiak txertatzea eta gida bat egitea, 36ko historia lantzen duten elkarte eta artxibategiekin. Horrez gain, nahi genuke plaza bat sortu gai horrekin lotutako informazioa partekatzeko. Udazkenerako gelditu zaigu zati hori; interesgarriena, nire ustez. Memoria berreskuratzeko lana oso garrantzistua da, baina hori bezain garrantzistua da eginikoa jendeari ematea. Ariketa ez da bukatzen gizarteari mezua helarazi artean. Erakunde eta elkarte asko ari dira orain gaia lantzen, baina duela gutxi arte ez da asko hitz egin 36ko gerraz, ezta? Isiltasuna, elkarrekin ezin hitz egina, gailendu izan da. Herri honetan hildako gehien eragin dituen biolentzia politikoa zigorrik gabe utzi dute, eta gertatutakoa esplikatzeko interesa ere ez da izan erabatekoa, batzuen arabera, "bizikidetzaren izenean". Egia, justizia eta aitortza aipatzen dira biktimez hitz egitean: justizia ezin da egin testuinguru horretan, eta harengana gehien gerturatzen dena egia da. Egia, ordea, ez da informazioa familiakoei soilik ematea;?egia argitaratu egin behar da, denek jakin dezaten zer gertatu zen. Horregatik da garrantzitsua herri guztietan ahalik eta testigantza gehien biltzea: papera ez da hiltzen, baina pertsonak bai. Gauzek izena dute, eta haietaz ez hitz egiteagatik ez dira desagertuko. Pertsona batzuei lasaitasun handia eman diezaiekegu egiarekin. Hezkuntzatik eragotzi al da transmisioa? Jakina. Gerra irabazi zuten, eta guztia beraien esku gelditu zen. Bazekiten hezkuntza zela tresna eraginkorrena beraien sistema betikotzeko, eta 40 urte izan dituzte. Ezinbesteko laguntza jaso dute Eliza Katolikoarengatik. Adierazgarria da memoria berreskuratzeko lan horiek herritarren ekimenetatik sortzea. Erakundeen papera zein da? 1978an herritarrak joan ziren beraien hildakoen gorpuen bila, inoren laguntzarik gabe. Horretan, Nafarroak askoz lan gehiago eta lehenago egin du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak baino. Jaurlaritzak unibertsitate publikoa izan du gerraren inguruko ikerketa historikoa abiarazteko, eta ez dute egin orain artean. Orain nahi omen dute zerbait egin, eta ondo iruditzen zait, baina oso berandu da. Beti partikularren edo senideen ekimenez egin dira ikerketak. Zer mezu utzi nahi zenieke herritarrei? Herritarrei esango nieke etxean gerraz ezagutu dutena konpartitzeko, errelatoa osatzeko. Horrek sendatu egiten du. Oraindik ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen jarraitzen dugu, gaixo gaude. Garai hartako ondorenak jarraitzen du gaur-gaurkoz hemen agintzen, eta gogoratzen jarraitu nahi dutenek puskatu dezakete isiltasuna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide