Inaxio Grijalba: "Emozionalki jasoko dituen norbait behar dute askotan haurrek"

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 21a, 14:31

'Harreran eta adopzioan hartutako haurrak. Nola erantzuten diegu eskolatik?' ikastaroan aritu da Inaxio Grijalba, EHUko Udako Ikastaroetan. 'Berria' egunkariak elkarrizketa egin dio.

Erabateko zentzua du, Inaxio Grijalba (1975, Zarautz, Gipuzkoa) psikologo eta psikoterapeutaren arabera, harreran eta adopzioan hartutako umeen premiei aparteko arta eskaintzeak. "Haurren eta pertsonen garapena kontuan hartuta, lehenengo bi urteak funtsezkoak dira, eta kasu horietariko ia guztietan lehenengo bi urte horietan gertatu dira garapenean eragina izan duten hainbat bizipen". Pairamen iturri dira sarritan: "Esaterako, guraso biologikoekiko haustura, eta haustura izateaz aparte bizi izan dituzten baldintzak eta egoerak desegokiak izan dira askotan. Eta eragina dute garapenean". Haur horiek izaten dituzten zailtasunei buruz mintzatu zen atzo, hain justu, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Harreran eta adopzioan hartutako umeak. Nola erantzuten zaie eskolatik? udako ikastaroan. Esperientzia luzea du haur eta nerabe horien artan, eta ikusi eta ikasitakoak azaldu nahi izan zituen. Zailtasunak aipatu dituzu. Zein eratako zailtasunak izaten dira? Ez daukagunean segurtasun bat, ez dugunean sentitzen harremanetan segurtasun bat, gehiago egongo gara arreta jarrita aspektu horietan: harremanekin loturikoetan. Ondorioz, ezingo dugu horrenbesteko arreta ipini eremu akademikoan. Hainbat aspektu egongo dira baldintzatuta horren ondorioz; kasu bakoitza ezberdina da, baina, oro har, horrela da. Landu daitezkeen zailtasunak dira, ezta? Hobetzeko bidean... Landu daitezkeen gauzak dira, baina aurrera egiteko kontuan izan behar dugu haur horiek askotan inguru seguru eta egonkor bat behar dutela. Haien esperientziak desegonkorrak izan ziren lehen urteetan, egokitu dira egoera horietara, eta garatu dituzte hainbat defentsa horietan bizitzeko. Baina gure eremuek seguruak izan behar dute, egonkorrak. Horretan eskolak rol funtsezko bat dauka: ordu asko egiten dituzte haurrek eskolan. Elkarrizketa osorik, Berria.eus-en.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide