Yuri Berchiche: "Amets bat litzateke Realarekin Europan jokatu ahal izatea"

Urola Kostako Hitza 2016ko uztailaren 20a

Denboraldiaurrean murgilduta dabil Yuri Berchiche Realeko futbol jokalari zarauztarra. Hirugarren denboraldia osatuko du aurten txuri-urdinekin, eta gogoz beteta ari da lanean, ligako lehen partidara ongi prestatuta iristeko.

Oporretatik bueltan, astebete daramazue entrenatzen. Zer-nolako motibaziorekin itzuli zarete lanera? Gustura hartzen dugu hilabete oso bat baloia ukitu gabe eta taldekideak ikusi gabe egotea. Beraz, itzulera gogoz hartzen duzu. Hasierako egun hauek karga fisikoa hartzeko izaten da, ondoren denboraldian zehar erregai gehiago edukitzeko, eta zentzu horretan, astea nahiko erraza izaten ari da. Asteburuan Tolosaren aurka jokatu genuen lagunarteko lehen partida [0-5eko emaitzarekin irabazi zuten], eta halako partidak kilometroak hartzeko baliagarriak dira. Baita pertsonalki sentsazioak hartzeko eta talde giroa sustatzeko ere, guztion artean denboraldi polit bat osatzeko aurten. Aurreko urteetakoa baino gogorragoa izango dela aurreikusten al duzue? Eusebio Sacristan entrenatzailea aurreko Gabonetan iritsi zen, eta harekin osatuko dugun lehen denboraldiaurrea da. Hasiera, behintzat, ezberdina izaten ari da. Iaz Moisesekin oso gogorra izan zen, lan fisiko handia egin baikenuen, apenas baloirik erabili gabe. Aitzitik, Eusebiori baloia ukitzea gustatzen zaio eta jokalariontzat alaiagoa da dinamika horretan lan egitea. Aste honetan ere lagunarteko beste bi partida dituzue: bata, gaur, Guardian, Logroñesen aurka, eta bestea Zarautzen, larunbatean, Vila-realen aurka. Tolosaren aurka ez nintzen aritu, karga txiki bat neukalako zangoan, eta jokatzeko gogo handiak ditut. Larunbatean, gainera, etxean jokatuko dut, eta beti da berezia herritarren eta familiaren aurrean jokatzea. Vila-real aurkari indartsua da, Champions League-rako sailkatu baita, eta norgehiagoka ikusgarri batez gozatzeko aukera izango da. Asti zelaia jendez beteko dela iruditzen zait. Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Zarauzko Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide