Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketa jokatuko du Azpeitiak datorren larunbatean, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Donezteberen (Nafarroa)?kontra jokatuko dute Ilunpe pilota elkarteko mutilek, 10:30etik aurrera. Astean zehar jarriko dituzte saltzen sarrerak, eta ohi bezala, autobusa jarriko dute Azpeititik Zarautzera. Pilota aukeraketa larunbatean bertan egingo dute, neurketen aurretik.
Pasa den ostiralean gelditu ziren erabakita finalean jokatuko duten udalerrien izenak. Azpeitiak 2 eta 1 irabazi zuen itzuliko partida Zigoitiaren (Araba) kontra; eta Doneztebek ere 2 eta 1 hartu zuen mendean Markina (Bizkaia). Joan den urtean bezala, Gipuzkoa eta Nafarroa izango dira aurrez aurre azken lehian.
Azpeitiarrek pasa den astean jokatutako partidei dagokionez, Unai Alberdi eta Gorka Iriarte kadeteek 22 tea 3 irabazi zuten ostiraleko partida. Jon Alberdi eta Mikel Unanue jubenilek 22 eta 13 hartu zituzten mendean arabarrak. Bestalde, Jurgi Larrañaga eta Andoni Aizpuru seniorrek galdu egin zuten: 14 eta 22.
Berria txapelketan bezala
Berria txapelketako talde berek jokatuko dute herriarteko finala. Azpeitiko Ilunpek eta Doneztebeko Errekak neurtu zituzten indarrak ekainean, eta berriro ikusiko dute elkar. Dena den, zenbait aldaketa izango dituzte taldeek; izan ere, Berria txapelketak aukera ematen die elkarteei fitxaketak egiteko.
Markel Etxaniz Ilunpeko pilotari seniorraren arabera, "oso zailak" izango dira larunbateko neurketak, baina "saiatuko" dira ahalik eta ondoen jokatzen: "Kadeeteen partida gogorra izango da, baina saiatuko gara puntu bat hor ateratzen; Berria txapelketan ikusi bezala, jubenilena oso neurketa zaila izango da, eta hirugarren partidan erabaki daiteke guztia". Dena dela, banaka-banaka partida guztiak aurrera ateratzen» saiatuko direla azaldu du Etxanizek.
Oraindik ez dute erabaki zer pilotarik jokatuko dituzten aste honetako neurketak.