Zarauzko Udalak kaleen garbiketa zerbitzua indartu du udari begira

Urola Kostako Hitza 2016ko uztailaren 18a

Makina baldeadore berria erosi du udalak.

Makina baldeadore berria. (Zarauzko Hitza) "Udaleko garbiketa zerbitzuak herriko kaleak behar bezala mantentzeko lan bikaina egiten du, eta udari begira jende gehiago izaten denez herrian, garbiketa areagotu dugu", jakinarazi du Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak. Hala, edukiontzi handiak maizago garbituko dituzte eta txikiak ere gehiagotan hustu. Asteburuetan biotopoko pasabidea eta Eguzki-Izarreko aparkalekua garbituko dituzte eta astelehen zein ostiraletan, berriz, biotopo ingurua, Montetxio eta pasabidea bera. Era berean, udalak kamioi baldeadore berri bat erosi du, garbiketa indartzeko "beharrezkoa" dena. San Martinek azaldu duenez, udalak bazuen aurrez bideak, etxe atariak zein espaloiak uraren presioarekin garbitzen zituen makina baina hondatu egin zen. Beste zisterna-kamioi bat ere badu erakundeak, baina handiegia da zenbait lekuetan erabiltzeko. "Baldeadorea txikiagoa denez, malekoiko arkupeetan eta espaloi estuetan sar daiteke, kasu", adierazi du Zerbitzuetako zinegotziak. Mahuka jarriz, bankuetako zikinkeria modu egokian kentzen du eta tamaina ezberdineko barrak dituenez, behar ezberdinei erantzuten die. Albistea osorik Zarauzko Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide