Getariak bandera irabazi zuen atzo Donostian (KAE).
KAE 1 Ligako bosgarren jardunaldiko estropada jokatu zuten atzo arratsaldean Donostian, eta Getariak denboraldiko lehen bandera irabazi zuen. Hirugarren txandan jokatu zuen estropada, Ondarroa, Pedreña eta Donostiarra traineruekin batera, eta hasiera-hasieratik buruan joan zen.
Hirugarren luzean Ondarroak aldeak murrizten saiatu zen arren,
getariarrak iritsi ziren lehen postuan, 20:46,73ko denborarekin. Haien atzetik Ondarroa sailkatu zen, ia bost segundora, eta jarraian, Pedreña eta Donostiarra.
Ligako sailkapen orokorrean bigarren kokatu da Getaria, 47 punturekin; hain zuzen ere, Donostiarra (3.) eta Pedreñarekin (4.) berdinduta. Sailkapen buruan Ondarroak jarraitzen du, 58 punturekin.
Orio B-k eta Zarautzek zortzigarren eta bederatzigarren postuan bukatu zuten atzo, hurrenez hurren. Sailkapen orokorrean zazpigarrenak dira oriotarrak, 29 punturekin, eta zarauztarrak bederatzigarrenak, 18 punturekin.