Txikia IV.a azkoitiarra Gipuzkoako lehen mailako aizkolaria da

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 6a

Julen Alberdi 'Txikia' IV.a, iaz, Urrategiko festetan. (Eneritz Albizu Lizaso) Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak Gipuzkoako Bigarren Mailako finala irabazi zuen pasa den igandean, Usurbilen (Gipuzkoa). Beraz, lekua lortu du datorren urtean herrialdeko lehen mailan lehiatzeko. Eneko Otaño beizamarra zen faboritoa, baina aurre hartu zion azkoitiarrak. Lau kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor ebaki zituzten, eta 13 minutu eta 46 segundoan bukatu zituen lanak Txikia IV.ak. 35 segundo gehiago behar izan zituen Otañok. Ondoren bukatu zuten, hurrenez hurren, Zalduak, Mujikak, Txapartegik eta Mugertzak.

Irigoien ere txapeldun

Harri Txikien Gipuzkoako txapelketa irabazi du Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak, eta bigarren eta hirugarren izan dira, hurrenez hurren, Zarauzko Mikel Lopetegi Urra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a. Laugarren postuan gelditu da Iñigo Eizagirre Eiza, hura ere zarauztarra. Igandean jokatu zuten txapelketa, Usurbilen (Gipuzkoa). Hiru minutuko hiruna txandatan honako harriak altxatu behar zituzten harri-jasotzaileek: 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kuboa eta 100 kiloko bola. Irigoienek 80 jasoaldi egin zituen bederatzi minutuan, hau da, 9.075 kilo altxatu zituen. Zortzi jasoaldi gutxiagorekin —72 guztira—, 8.200 kilo igo zituen Urrak. Izeta IV.ak ere 72 jasoaldi egin zituen, baina Urrak baino pisu gutxiago altxatu zuen: 8.137,5 kilo. Izan ere, 125 kiloko harriari hiru jasoaldi gehiago eman zizkion Urrak, eta Izeta IV.ak kuboa zein bola gehiagotan jaso bazuen ere, ez zuen lortu haren parera iristea. Harri Txikien lehiaketako irabazlea izaten da orotara pisu gehien altxatzen duena, eta bederatzigarrenez jantzi zuen txapela errezildarrak Usurbilen. Oso marka ona egin zuen Irigoienek; izan ere, azken urteetako lanak hobetu zituen. 2010ean soilik altxatu zuen harri-jasotzaileak pisu gehiago, eta 2013ko marka berdindu zuen; hain zuzen, 9.087,5 kilo.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide