Entzierro berezi batekin hasiko da Kalerki

Zarauzko Hitza 2016ko uztailaren 1a

Bederatzi kale ikuskizun antolatu dituzte, uztailaren 7tik 9ra.

Haatik dantza taldeko kide Aiert Beobide eta Kultura zinegotzi Nekane Iribar. (Aritz Mutiozabal) San Fermin egunean abiatuko da Zarauzko XXIII. Kale Antzerki Jaialdia, uztailaren 7an, eta estreinako emanaldiak entzierro berezi bat irudikatuko du. Madrilgo Recortauro konpainiak zezen puzgarriekin aterako da kalera, Dira, dira, zezenak dira! ikuskizunarekin. Saioa 19:00etan hasiko da, Lege Zaharren enparantzan, baina ordu erdi lehenago, Alproja taldeko kideak arduratuko dira Kalerkiren irekieraz. Inprobisazioaren bitartez, egitasmoa girotuko dute, baita ondorengo entzierroa ere. Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek zapi gorriarekin ekitaldian parte hartzeko deia egin die herritarrei, gaur eguerdiko agerraldian. Aurtengo jaialdia "indarrez" datorrela nabarmendu du Iribarrek. Guztira, bederatzi emanaldi antolatu dituzte, datorren ostegunetik larunbatera, Euskal Herriko nahiz kanpoko konpainien kale ikuskizunekin. Aurten, gainera, Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki jaialdiarekin elkarlanean aritu dira, eta horrek kanpoko hainbat talde herrira ekartzea ahalbidetu du. Egun bertsutan ospatzen dira Zarauzko eta Lekeitioko jaialdiak, eta datozen taldeak bietan ariko dira, baina egun ezberdinetan. Albistea osorik, Zarauzko Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide