Zarautzen Tropela Hondartzan ekitaldia antolatu dute iganderako

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 14a

Iaz egin zuten lehenbiziko aldiz, eta, izandako «harrera ona» ikusita, iganderako, ekainaren 19rako, antolatu dute berriz ere Tropela Zarauzko Hondartzan ekitaldia, Tropela elkarteak antolatuta. Horren helburua «galtzeko zorian» den ziklistatxoen eta kaniken jokoa berreskuratzea da. 09:30ean elkartuko dira Zarauzko itsas pasealekuan zirkuituak prestatzeko, Galtxagorri elkartearen parean. 11:30ean hasiko dituzte ziklistatxoen lasterketak, kaniken laguntzarekin. Hiruko taldetan jokatuko dute txapelketa  eta partaide bakoitzak bere ziklistatxoarekin jokatuko du. Bi maila izango dira, adinaren arabera banatuta: 12 urtetik beherakoena eta 13 urtetik gorakoena. Bakoitzak bere ziklistatxoak eta kanikak eraman beharko ditu. Halere, materiala lortzeko izan daitezkeen arazoak direla-eta, elkarteak hainbat ziklistatxo eta kanika jarriko ditu partaideen eskura. Sari ugari banatuko dituzte: talderik azkarrenarena, zirkuiturik ederrenarena, ziklistatxorik dotoreenarena zein kiroltasunaren saria, besteak beste. Txiki Polit, Euskalduna eta Itxas-Lur jatetxeetan afaria eskuratuko dute helduen mailan irabazle izaten direnek, eta Xibarta zein Kutixiko izozkiak haurrek. Lasterketaren antolaketa errazte aldera, parte-hartzaileek izena ematea komeni da, hondartzan.tropela.eus atariaren bidez. Webgune horretan aurki daiteke, era berean, txapelketako arautegia. Vintage erakusketa Txapelketaz gain, «lehengo txirrindularitzaren erakusleiho» gisa, erakusketa jarriko dute malekoian igandean. Bertan, eskuz margotutako berunezko ziklistatxoak; kromoak; aldizkariak; garai bateko Karpy ziklista taldearen materiala; kromoak; Juan Mari Tolinen argazkiak eta bestelako materiala izango dira ikusgai, goizean zehar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide