Herritarrak gaiarekin «kontzientziatzea» du helburu Ingurumen departamentuak. Informazioa emateaz gain, herritarrek beren aztarna ekologikoa kalkulatzeko aukera izango dute atarian
Igandean Nazioarteko Ingurumenaren Eguna zela-eta, Ingurumen departamentuak herriko aztarna ekologikoari buruzko aztarnaekologikoa.eus webgunea aurkeztu du. Ingurumen eta Agenda 21eko zinegotzi Gloria Vazquezek (PSE-EE) adierazi duenez, norbere kontsumo maila mantetzeko behar den lur azalerari deitzen zaio aztarna ekologikoa. «Zarauztar bakoitzaren aztarna ekologikoa 4,3 hektarearen baliokidea da. Beste modu batera esanda, munduko biztanle guztien kontsumo maila zarauztarron parekoa balitz, 2,5 planeta beharko lirateke».Atariaren helburu nagusia «herritarrak kontzientziatzea» dela nabarmendu du Vazquezek, «herritarrei bizimodu iraunkorrago bat aurrera eramateko irtenbideak emanez». Horrekin batera, ikastetxeetan gaia landu nahi dute hurrengo ikasturtean, Eskolako Agenda 21en barruan.
Arazi enpresak garatu du webgunea, eta, horretarako, diseinu erakarkagarria eta erabilerraza sortu dute, aztarna ekologikoaren inguruko eduki informatiboekin. Araziko teknikari Nerea Ibañezek azaldu duenez, hainbat ataletan antolatuta dago, eta horiek «puzzle bat» bailitzan aurkeztu nahi izan dute. «Informazioa zatika eta pausoz pauso ulertzen joateko, modu eroso batean», dio teknikariak. Era berean, herritarrek beren aztarna ekologikoa kalkulatzeko aukera eskaintzen du; elikadura, etxebizitza, garraio publikoaren erabilera eta abarren inguruko inkesta baten bidez.
Galdetegia osatzen duten herritarren artean bertako produktuez osatutako bi otarre zozkatuko dituzte; bakoitzaren balioa 100 euroko izango da. Zozketan parte hartzeko epea igandean hasi zen eta irailaren 15era arte iraungo du. Zozketa irailaren 16an egingo dute, Ozono Geruza Babesteko Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Bertan parte hartzeko, inkestaren emaitza eta norbere aztarna gutxitzeko bakoitzak hartzen duen konpromisoa idatzi beharko da zarauzkoaztarna@gmail.com helbidera.
«Ekintzetara pasatu»
«Azken finean, pauso bat harago eman nahi da kanpaina honekin. Ez da bakarrik informatzea, baizik eta ekintzetara pasatzea. Inpaktu hori murrizteko guztion artean zer egin dezakegun jabetzea», zehaztu du Arazi enpresako kideak. Honako hau lehen urratsa dela azaldu du Ingurumen zinegotziak, «aurrerantzean beste neurri batzuk hartzeko edo beste kontzientziazio kanpainak egiteko».
Zarautzen aurretik ere egin zen aztarna ekologikoaren azterketa bat, 2003an, eta orduan ere Arazik webgune bat garatu zuen informazio hori guztia bilduz eta hainbat jarduera eginez. Orain, ataria eguneratu eta erabilerrazago bihurtu dutela dio Vazquezek: «Urteak pasatuta, datuak aldatzen joan dira. Beraz, interesgarria iruditu zaigu gaian sakontzea, beste ondorio batzuk ateratzeko». Zarautz da Euskal Herriko udalerri bakarrenetakoa horrelako webgune bat abian duena.