Udalak 24.000 euro bideratuko ditu Euskal Fondoaren proiektuetara

A.Mutiozabal 2016ko ekainaren 7a

Zarauzko Udala 2012an hasi zen Euskal Fondoarekin lankidetzan, eta aurten elkarteko kide egin da. 2015aren amaieran hartu zuten kide izateko erabakia udalbatzarrean. «Gi sa honetan gure kolaborazioa erregulatzen dugu, forma egonkorragoa eta fidagarria...

Zarauzko Udala 2012an hasi zen Euskal Fondoarekin lankidetzan, eta aurten elkarteko kide egin da. 2015aren amaieran hartu zuten kide izateko erabakia udalbatzarrean. «Gi sa honetan gure kolaborazioa erregulatzen dugu, forma egonkorragoa eta fidagarriagoa emanez», adierazi du Kooperazio zinegotzi Pablo Garciak. Aurrerantzean udalak gutxienez kooperazioko aurrekontuaren %10a bideratuko du Euskal Fondoaren proiektuetara. Aurten, %11,9koa izango da; hau da, 24.419 euro.

Tokiko Euskal Erakunde Kooperanteen Elkartea da Euskal Fondoa, eta garapenerako proiektuak diruz laguntzen ditu; guztira, 114 tokiko erakundek osatzen dute. «20 urte baino gehiago dira zenbait prozesu laguntzen ari garela Erdialdeko Amerikan nahiz Kariben, eta bereziki Saharari ematen zaion laguntzaren arloan», adierazi du Euskal Fondoaren zuzendari Juanma Balerdik.

Aurtengo proiektuak hiru hauek dira: 20 etxebizitza eraikitzea sortu berria den auzo periferietako familientzat, Somoton (Nikaragua); udalen kudeaketan berdintasunaren ikuspegia laguntzen duten prozesu estrategikoak ezartzeko III. fasea, Transversal Norte mankomunitatean (Guatemala); eta Habanako hirigune historikoan arreta sozialeko programaren indartzea eta dibertsifikatzea (Kuba).

Udalak eta Euskal Fondoak sentsibilizazio eta garapenerako jarduerak antolatzen jarraitu dute elkarlanean. Duela gutxi Afganistan-Emakumeak erakusketa jarri zuten, eta aurten ere Sahararen aldeko Desioak sutan egitasmoa egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide