Larunbat gauean jakinarazi zioten Itziar Morenori beste euskal preso politikoak dauden kartzela batera lekualdatuko dutela; oraindik ez diote zehaztu nora. Hori dela eta, Fresnesko euskal presoek gose greba bertan behera utzi dute, tartean, Ekhine Eizagirre zarauztarrak. Hala ere, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Morenoren lekualdaketa gertatu bitartean zigor ziegan edukiko dituzte Eizagirre eta Iratxe Sorzabal.
Fresnesko preso sozialek euren emakumezkoen moduluan bizi baldintzak hobetzeko protestak hasi zituzten, eta kartzela horetako Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek bat egin zuten haiekin. Moreno mobilizazio horien sustatzailetzat jo zuen kartzelako zuzendaritzak eta bakartu egin zuten.
Horren aurrean, pasa den asteartean hasi zuten gose greba Morenok eta Eizagirrek. Sorzabalek, berriz, otordu batzuei uko egitea erabaki zuen. Hilaren 10ean hasi zuten baraualdia Fresnesko gizonezkoek Morenori elkartasuna adierazteko. Halaber, Meaux eta Osny espetxeetan daudenek ere protestak egin dituzte. Lekualdatze horren ondorioz Morenoren isolamendua bertan behera geratuko delako utzi dute gose greba. Protestan zeuden presoei babesa adierazteko, Fresnesera martxa egin zuten larunbatean eskualdeko herritar ugarik, Sortuk antolatuta.
Bestalde, Zarauzko EH Bilduk urjentziazko mozioa aurkeztu zuen maiatzeko osoko bilkuran. Alderdi denek elkartasuna erakutsi baldin bazuten ere, mozioa ez zen onartu. Mozioa puntuka bozkatu zuten —zazpi guztira—eta Udal Gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) ezezkoa eman zien guztiei. Proposamenak egiteko aukerarik izan ez zutela esanez, mozioa bere osotasunean bozkatu zuten. Irabazi Zarautz 6. puntuan abstenitu zen, baina gainerako guztien alde azaldu zen.
Etxeratek gutuna bidali du Udal Gobernuak izandako jarrera azalduz: «EAJk eta PSEk ezetza eman zieten mozioaren puntu guztiei, banaka-banaka. Eta hau izan zen EAJren azalpena: ez dugu behar bezala negoziatzeko denborarik izan. Denbora, denbora da, hain zuzen, soberan ez duguna; denbora da, hain zuzen, udal ordezkari hauek gurekin harremanetan jartzeko soberan izan dutena», salatu dute idatziaren bidez. Zarauzkohitza.eus-en dago EH Bilduren mozioa zein irakurketa eta Etxeraten gutuna irakurgai.