Fresneserako martxan espetxe politika "kriminala" salatu dute

Urola Kostako Hitza 2016ko maiatzaren 28a

Euskal Herritik Fresnesera Sortuk deituta egin den martxa (Hodei Iruretagoiena/Berria.eus) Fresneserako martxa egin dute gaur, larunbata, Sortuk antolatuta, isolamendua eta salbuespen politikak salatzeko, eta han Ekhiñe Eizagirre zarauztarra eta beste euskal presoak egiten ari diren protestekin bat egin asmoz. Goizean goiz abiatu dira autobusak Euskal Herritik, baita Zarauztik ere, eta Behobian aurkitu dituzte lehen kontrolak. Han, bidaiari guztiak identifikatu ditu Frantziako Poliziak. Autobusak goiz erdian heldu dira Fresnesko espetxe atarira eta han Paristik babesa ematera joandakoekin egin dute bat. Berria.eus-ko Hodei Iruretagoiena kazetariak zuzenean jarraitu du martxa. Ekhiñe Eizagirre zarauztarra Fresnesen dago preso eta joan den astean gose greba hasi zuen. Itziar Moreno presoa isolatuta dute hilabete hasieratik, eta egoera salatzeko ekin zion gose grebari Eizagirrek. Zarauzko azken udalbatzarrean EH Bilduk presoei babesa emateko eta Zarauzko Udalari egoeraren aurrean konpromiso batzuk hartzeko eskatuz mozioa aurkeztu zuen. Mozioa, ordea, ez zen onartua izan, EAJren eta PSE-EEren ezezkoa jasota. Horren aurrean, EH Bilduk adierazi du "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko garaia dela, "Giza Eskubide eta Bizikidetzan aurrerapausoak eman nahi badira, konpromisoak hartu behar dira".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide