«Helburua sinplea da: udala ekartzea baldintza berriak erabakitzeko eztabaidara, eta eskatu ez dezala eztabaida erro-errotik ukatu». Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak berriz ere Astazubin ospatu nahi dituzte, eta horretarako, SKAPAk Udal Gobernuarekin eztabaidatu nahi ditu jaiak plaza horretara itzultzeko baldintzak.
«Udal gobernu berriak festak Astazubin egitea baimenduko ez duela jakinda eta Komisiyuarekin gaiaz hitz egiteko borondate txikiena ere ez duela ikusita (aste honetan bertan jakin dugu Gurekin Jai festa batzordearekin ere modu berean jokatu duela)», Nik ere buelta kanpaina jarri du abian, eta horren barruan, sinadurak bilduko dituzte asteburu honetan.
Lege Zaharren enparantzan, itsas pasealekuan eta Astazubin postutxoak jarriko dituzte horretarako. Gaur 17:30etik 20:30era jasoko dituzte sinadurak; larunbatean 11:00etatik 14:00etara zein 17:30etik 20:30era eta igandean, berriz, 11:00etatik 14:00-etara. Horrekin batera, sarearen bidez ere eman daiteke babesa eskaera horri. Change.org atarian sinatu daiteke eskaera.
Gurekin Jaik ere herriko festak antolatzerakoan udalarekin gorabeherak izaten ari dela jakinarazi du. «Badira aste batzuk, apirilaren 29an hain zuzen ere, Zarauzko Udalari zuzenduta aurtengo herriko festak, Transpelaioak zein Euskal Jaiak, antolatzeko eskaria sartu genuela», adierazi dute festa batzordekoek idatzi baten bidez. «Eskari horretan zehaztu genuen gure proposamena, lekuari dagokiona (batez ere ikusita Azken Portuko kideak zein arazo izaten ari diren) zein data, ordutegi eta materialari dagokiona ere batuz».
Udalak jakinarazi dien «bakarra» ordutegien murrizketa izan da, «festetako lehen gauean (ekainaren 24an) 00:00ak arteko muga ipiniz». Hori dela eta, bilera bat egiteko proposatu diete Gurekin Jaiko kideek udal ordezkariei: «Gure harridurarako ea bilera zertarako nahi dugun galdetu digute. Desadostasunak ikusita, esan diegu ohiko legez ordutegiak zein baimenaren bestelako baldintzak negoziatu eta adosteko premia eta presa ikusten ditugula. Eskatutako bilera egin eta adostasun batera iristea espero dugu», diote.