Larunbaterako egun osoko festa antolatu dute Arraio Irratiko kideek, 10. urtemugari amaiera emateko. Pasa den maiatzaren 14erako aurreikusi zuten ekintzarekin hasiko dute eguna — eguraldi txarragatik bertan behera utzi zuten—; Arraio Irratia kalez kale ibiliko da, saioa zuzenean eskaintzen: 10:30ean Zelai Ondon izango dira, 11:00etan Itxasmendin, 11:30ean Iñurritzan, 12:00etan Azken Portun, 12:30ean Vista Alegren eta 13:00etan Santa Marinan.
Horren ondoren, bazkaria izango dute Putzuzulo gaztetxean. Bertan 10 urteotan irratian jardun duten partaideak bilduko dira, besteak beste. Bazkarirako txartelak Zarauzko Eguzki, Arrano eta Mauka tabernetan jarri dituzte eskuragarri.
Bazkalostean, berriz, Sozaya orkestra-gizonak emanaldi berezia eskainiko du. Ondoren, arratsaldean, kalera irtengo dute berriz ere; txarangaren laguntzarekin, herriko kaleetan zehar ibiliko dira kalejiran Arraioko kideak.
Egunari amaiera emateko, Skasti eta Blue Beans taldeen kontzertuak izango dira Putzuzulo gaztetxean, 22:30etik aurrera. Kepoi disko jartzaileak girotuko du gauaren amaiera.