Fresnesko preso sozialek euren emakumezkoen moduluan bizi baldintzak hobetzeko protestak hasi zituzten eta Fresnesko Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek bat egin zuten haiekin joan den hilabetean. Itziar Moreno mobilizazio horien sustatzaile eta antolatzailetzat jo zuen kartzelako zuzendaritzak eta horregatik bakartuta dago hilaren 2tik. Morenoren isolamendua salatzeko, Morenok berak eta Ekhiñe Eizagirrek gose greba hasi zuten herenegun; Iratxe Sorzabalek otordu batzuei uko egitea erabaki du.
Pasa den astera arte zigor ziegetan egon dira azken bi horiek, Morenoren egoera salatzeko. Espetxeko zuzendaritzak Morenori kartzelaz aldatuko dutela jakinarazi dio. EPPKko beste kiderik gabe egotea ez dute onartzen presoek.
Eizagirreren aita Joxe Marik Arraio irratiko Ahuntzaren gaurdiko eztula saioan esan duenez, «indartsu eta gogor» daude.
Fresneseko presoen baldintzak jakinarazi zirenetik preso gehiagok hasi dituzte protestak. Besteak beste, Fresnesko gizonen moduluko euskal presoak ere gose greba mugagabean daude hilaren 10etik.
Fresnesera martxa
Protestan dauden presoei babesa adierazteko Fresnesera martxa antolatu du Sortuk larunbat honetarako: «Espetxe politika kriminalarekin amaitzeko ordua da». Ostiral gauean autobusak aterako dira hainbat herritatik, tartean Zarauztik.