Atzo zabaldu zuten gune berria. Aurrerantzean, Etxezabalako beheko solairuan kokatu duten zerbitzuan egin ahalko dira izapide gehienak.
«Nola erraztu eta arindu herritarrek udalarekin duten harremana? Hori izan da Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) sortzearen funtsa». Zarauzko Udalak herritarrei «arreta onena eta egokiena» emateko asmoz Etxezabalako behe solairuan sortu duen gune berria da HAZ. Ostiral eguerdian egin zuten inaugurazioa eta bertan izan dira egungo udal ordezkariak, udal ordezkari ohiak eta udal langileak. Xabier Txurruka alkateak adierazi zuenez, «duela urte batzuk hasitako erreflexiotik abiatutako prozesu luze baten ondorena» da zerbitzu berria. «Zarauzko Udalak aurrez oso egoki egiten zuen lan, baina ikusi genuen harreman horiek errazagoak, eraginkorragoak, irekiagoak eta arinagoak izan zitezkeela». Gizartea aldatzen doan heinean, udalak ere «modernizatu» egin behar duela nabarmendu zuen Txurrukak, eta horregatik, aurreko agintalditik jarri zutela abian HAZ sortzeko prozesua.Zerbitzu berriak hiru helburu nagusi ditu: batetik, erreferentziazko zerbitzua izan nahi du zarauztar guztientzat. Bestetik, izapideak erraztu nahi ditu. Eta azkenik, udal zerbitzu gehienak gune bakar batean biltzea du helburu. «Batzuetan kokaleku ezberdinetara jo behar izaten dute herritarrek modu bateko edo besteko tramiteak egiteko. Guztia zentralizatu nahi izan dugu; Herritarren Arreta Zerbitzutik bideratuko dira izapide gehienak», esan dute.
Aurrerantzean, besteak beste, erroldako tramiteak —aktak, aldaketak, errolda agiriak...— eta lizentziak zein aurrekomunikazioak egin ahalko dira HAZren bitartez. Halaber, zergak, tasak, prezio publikoak eta isunak zuzenean ordaintzeko aukera izango da bertan kokatu duten makina baten bidez; baita diru laguntzak, ezkontzak eta hileta zibilak bertatik kudeatzea; eta ikastaro, lehiaketa zein jardueretan izena ematekoa eta zinegotzi zein teknikariekin hitzordua hartzekoa ere. «Helburua da, behin eserlekuan eserita, ahal dugun prozedura gehienak hasi eta bukatzea», nabarmendu zuen Jesus Arana HAZeko arduradunak.
Horrekin batera, aldundiaren erregistro gisa ere funtzionatuko du. «Beraz, aurrerantzean HAZeko erregistroan sartu ditzazkezue eskaerak Donostiara joan beharrean».
Erronka: telematikoki ere
Astelehenetik ostiralera 07:30-etik 15:00etara egongo da HAZ zabalik. Ostegunetan, arratsaldez ere irekita izango da, 19:00ak arte. Zarauztik deituz gero, 010 zenbakia markatu beharko da aurrerantzean udalarekin harremanetan jartzeko, eta 092 zenbakia Udaltzaingora deitzeko. Zarauztik kanpo, orain arte bezala, 943-005100 telefono zenbakira deitu beharko da erakundearekin harremanetan jartzeko.
Aurrera begira beste erronka bat ere badutela ohartarazi du Aranak: HAZen egin ahalko diren tramiteak poliki-poliki zarautz.eus web orriaren bidez ere egin ahal izatea, hain zuzen. «XXI. mendean denok ditugu gailuak eta gure helburua da agintaldi honetan ahal ditugun zerbitzu gehienak telematikoki ere eman ahal izatea udaleko webgunearen bidez».
HAZen funtzionamendua
Herritarra zerbitzu gune berri horretara sartu eta egin beharreko prozesua «oso sinplea» dela adierazi du HAZeko arduradunak: sarrerako makinan txanda-papera hartu, zain egon eta egokitzen zaionean moldatu dituzten zazpi mahaietako batean egingo diote harrera.
Gunea egokituta dago eta irisgarria da, eta entzumen arazoak dituztenentzat ere sistema berezi bat jarri dute eragozpenik ez izateko.
«Ez da obra soil bat»
Prozesuak «lanketa garrantzitsua» izan duela gogoratu zuen Zarauzko alkateak, «ez da izan obra soil bat egitea». «EUDELen barruan abian jarri zuten erreflexio bat izan zen. Beste udal batzuk ere hasi dira halako zerbitzuak prestatzen. Testuinguru horretan, beharrezkoa ikusi genuen Zarautzen ere horri heldu eta zerbitzu hau abiaraztea».
Hori dela eta, EUDELekin harremanetan hasi ziren udal teknikariei eskerrak eman dizkie. «Udal langileok gogor egin duzue lan azken bi urte hauetan proiektu hau errealitate bihurtzeko». Alkateak jakinarazi zuenez, lan taldeak banaka-banaka identifikatu eta aztertu ditu tramite administratibo guztiak eta ondoren, horietatik zein kendu, zein bateratu eta nola sinplifikatu aztertu dute.
Horrekin batera, HAZ martxan jartzen gidaritza lana egin zuten arduradun politikoei ere eman dizkie eskerrak. Zentzu horretan, aurreko agintaldian proiektuaren hastapenetan Jabier Etxaburu zinegotzi ohiak izandako konstantzia aitortu zuen alkateak inaugurazioan.
«HAZ gaur jaio da, baina denok ikusi nahi dugu hobetzen eta hazten. Ardura guztiona izango da, guztion artean egin dugulako HAZ», nabarmendu zuen Txurrukak.