Ekarpenak jasoko dituzte gazteen lokalen ordenantza biribiltzeko

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2016ko maiatzaren 17a

Aisialdi gune horien inguruko araudiaren zirriborroa prestatu dute Gazteria eta Hirigintza sailek eta hori aurkezteko bilera egingo dute ostegunean, kiroldegian.Zarauzko Udaleko Gazteria eta Hirigintza sailek aisialdirako gazteen elkarguneak arautzeko ...

Aisialdi gune horien inguruko araudiaren zirriborroa prestatu dute Gazteria eta Hirigintza sailek eta hori aurkezteko bilera egingo dute ostegunean, kiroldegian.

Zarauzko Udaleko Gazteria eta Hirigintza sailek aisialdirako gazteen elkarguneak arautzeko udal ordenantzaren zirriborroa osatu dute. «Hainbat gaztek azken urtetan lokaletan biltzeko ohitura hartu dute, eta lokal horietan jarduera ekonomikorik ez dagoenez, ikuskaritza lan guztietatik kanpo geratzen dira», jakinarazi dute. Hori dela eta, udalak gune horien erabilera arautu nahi du, lokalek kasu batzuetan sor ditzaketen bizikidetza arazoetan esku hartzeko; erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko eta inguruan bizi diren herritarrekin elkarbizitza egokia sustatzeko, besteak beste.

«Horrelako lokalen erabilera egokia izatea ez da bakarrik bertan elkartzen diren gazteen ardura; izan ere, eraikinetako bizilagunei, lokalen jabeei eta, kasu askotan, gazte horien gurasoei ere eragiten die», nabarmendu du Gazteria zinegotzi Jonan Urdangarin Urrutiak.

Hori dela eta, ordenantzaren zirriborroan jaso dute bakoitzari dagozkion betebeharrak eta eskubideak zeintzuk izango diren, aisialdi gune horien erabilerak nolakoa izan behar duen, lokalek bete behar dituzten baldintzak, zaintza, arau-hausteak eta horiei dagozkien zigorrak, besteak beste.

Bilera irekia

Orain, ordenantza onartu aurretik, gazteen, haien gurasoen, lokalen jabeen eta bizilagunen ekarpenak jasotzeko asmoa dute. Horretarako, bilera irekia antolatu dute zirriborroa aurkeztu eta bakoitzaren proposamenak jasotzeko. Ostegunean izango da, Aritzbatalde kiroldeko aretoan 19:30etik aurrera.

Egun hori bitartean ere proposamenak egin daitezke. Horretarako, Zarauzko Udaleko webgunean zintzilikatu dute zirriborroa. Hori aztertu ondoren, ekarpenak egin daitezke honako helbidera idatzita: o-leizaola @zarautz.eus.

Bileran parte hartu nahi dutenek ere helbide horretara idatzi dezakete, bertaratuko direla jakinarazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide