Argazkilaritza bi museotan

Zarauzko Hitza 2016ko maiatzaren 13a

Angel Izpizuaren argazkia. (Photomuseum) Photomuseumek Argazki Bilera ekimenaren barruan bi erakusketa berri ireki ditu Zarautzen. Bata, Angel Izpizuaren Pooltraits. Uretatik datoz izeneko erakusketa da, eta Photomuseumen dago ikusgai ekainaren 5a bitartean. Izpizua aditua da zuri-beltzeko argazkilaritzan, eta azken urteetan aukera desberdinak jorratu ditu. Zarautzen ikusgai den erakusketan esaterako, Easo Igeriketa Klubeko igerilarien erretratu bilduma egin du, bi teknikak erabiliz. Irudien bitartez, itsaslamiak, ninfak eta uhandreak irudikatu nahi ditu ezohiko inguru batean, igerilekuan hain zuzen ere. Nikonos ur-kamera eta 4x5 ontzako Linfhof kamerak erabili ditu horretarako. Bigarren erakusketa, Karlos VII. jaunaren ikonografia izenekoa da. Sanz Enea kultur etxean dago ikusgai, eta bertan Karlos VII.ari buruzko irudiak bildu dituzte. Borbongo eta Ekialdeko Austria etxeko Karlos Maria de los Dolores «aztarna utzi duen gizona» izan zela uste dute Jose Ignacio Ortegak eta Victor Sierra-Sesumagak, «mito bihurtzen diren horietakoa». Horregatik, Karlos VII.ren irudi bilduma osatu dute; erakusketan testuinguru desberdinetan ikus daiteke. Ekainaren 5a arte dago irekita. Severo Ochoa Bestalde, gaurko Severo Ochoa ikerlariari buruzko proiekzioa emango dute Photomuseumen. Antolatzaileek azaldu dute, 18:00etan hasiko dela saioa eta doakoa izango dela. Ikus-entzunezkoaren emanaldia Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den JoseLuis Zugaza Gurrutxagak maiatzaren 20an eskainiko duen Ciencia, Salud y Negocio hitzaldiaren atarikoa izango dela ere azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide