Hamar urte beteko dira aurten Zarauzko Arraio Irratia FMko 99.3 seinalean emititzen hasi zenetik. Urtemugako ospakizunekin gaur hasiko dira, eta bihar goizean irratia kalera aterako dute.
Gaztetxea okupatu bezain laster jarri genuen martxan irratia. Lehen egunean bertan», gogora dakar Arraio Irratiko kide Iraitz Gesalagak. Hasieran, Putzuzulo gaztetxearen okupazioaren berri ematea zuten helburu, eguneko kronika eta egitaraua lau haizetara zabaltzea. Horrez gain, «batzuk bageneukan irrati bat sortzeko asmoa, baina ez geneukan lekurik, eta gaztetxearekin aukera hori sortu zitzaigun. Gehiegi pentsatu gabe, modu inprobisatuan, gaztetxean gauez lotan geratzen ginenen artean, irratsaio bat egiten hasi ginen. Egunak aurrera joan ahala, jendea animatzen hasi zen. Denek nahi zuten zerbait esan, eta irrati libreak horretarako sortu ziren».Hasieran, Internet bidez bakarrik emititzen zuten, «nahiko modu prekarioan edo baliabide teknikorik gabe». Ordenagailu eta CD erreproduzitzaile batekin ekin zioten ibiliari. Pixkanaka-pixkanaka «egonkortzen» zihoala-eta, «bide propio bat» jorratu behar zutela ikusi zuten. Antolatzen eta bilerak egiten hasi ziren, eta Arraio Irratia izena bera ere berreskuratu zuten. «Izena eta izana», hain justu ere. Jakin bazekiten 80ko hamarkadan izan zela irrati bat herrian, eta hura «berpizteko» asmoarekin ekin zioten. «Gure filosofia autogestioan eta asanbladan oinarrituta dago, eta publizitaterik gabeko irrati libre bat gara. Balio horiek berreskuratu eta praktikan jartzea izan zen gure asmoa. Hamar urte hauetan gure printzipioei eta izaerari eutsi diogu».
Ospakizunen txanda
2006ko maiatzaren 20an egin zuten lehen emisioa FMko 99.3n. Asteburu osoko emanaldia eskaintzeaz gain, OK Korral taldea berriz elkartu eta gaztetxean jotzera animatu zuten. «Berezia izan zen. Atzera begirako moduko bat izan zen: 80ko irrati hura berriz abian jartzearekin batera, garai hartako talde bat ekarri genuen. Garaiko giroa berpiztu nahian».
Hamargarren urterreneko ospakizunekin gaur hasiko dira: kontzertu akustikoa antolatu dute Putzuzulo gaztetxean, Ekiza eta Keshala taldeekin. Bihar goizean, berriz, irratia gela arrosetik kalera aterako dute, euren jarduna ikusarazteko asmoz. Auzoz auzo geldialdiak egingo dituzte, eta auzo bakoitzeko elkarteko kideak elkarrizketatuko dituzte. Datorren astean, hilaren 19an, Jakue Pascualen liburu aurkezpena izango dute, eta urteurrena biribiltzeko jaia maiatzaren 28an egingo dute; irratian aritutako denei luzatu diete gonbidapena, gainera.
Arraio Irratia errotuta dago gaur egun, eta hamar urte hauetan egindako lanaren emaitza antzematen dutela azaldu du irratiko kideak, «bai irratsaioen kalitatean bai saioak egiteko dugun erraztasunean». Bidean, ordea, «gorabehera asko» izan dituztela dio: «Irratsaio asko izatetik gutxiago izatera pasatu gara. Hasierako bolada eta ilusio hori islatuta geratu zen izan genituen ia 20 saioetan, baina konturatzen ginen sekulako lana eskatzen duela astero saio bat egiteak».
Bost irratsaio propio dituzte une honetan: asteartetan, Zarata Zarautz; asteazkenetan, Izerditan blai; ostegunetan, Atalka; ostiraletan, Kaiolatik; eta igandetan, Ahuntzaren gauerdiko eztula. Horrez gain, Arrosa Sarean daude, eta horrek beste irrati libreetako saioak emititzeko aukera ematen die. Hala, egun osoko programazioa osatzen dute, goizetik hasi eta gauera arte. Zarautzen ez ezik, Getarian, Orion, Zumaian eta Aian jasotzen da Arraioren seinalea, baita Oikian eta Meaga auzoetan eta barnealdeko hainbat tokitan ere.
Bideak urratzeko prest
Argi dute Putzuzulo gaztetxea izan dela Arraio Irratiaren etxea, eta «gure etorkizuna lotuta dagoela gaztetxearen etorkizunarekin». Salberdingo plana dela eta, «gaztetxea pausoak ematen ari da bere etorkizuna egonkortzeko. Eta, noski, gu bidelagun izango gara bide horretan». Edonola ere, «garbi daukagu ez dugula mugatuak geratu nahi lokal batera. Etorkizun beltza dagoela ikusiz gero, gure bidea urratzeko aukera hor dago. Baina betiere gune autogestionatu batean izango litzateke. Herriak herritik lortutako gune batean. Izan ere, horrek ematen dio koherentzia irrati librearen filosofiari».