«Ofizio guztiak dira politak, baina gurea, idazleona, oso berezia da»

Aritz Mutiozabal 2016ko maiatzaren 12a

'Gizajoen katalogoa' eleberria argitaratu berri du Zarautzen bizi den idazle azpeitiarrak, ohikoak dituen umorea eta sentsualtasuna uztartuz. Oraingo honetan bera ere agertzen da liburuan.Eleberri bat idatzi nahi duen gizonezko bat da Joxean Agirreren ...

'Gizajoen katalogoa' eleberria argitaratu berri du Zarautzen bizi den idazle azpeitiarrak, ohikoak dituen umorea eta sentsualtasuna uztartuz. Oraingo honetan bera ere agertzen da liburuan.

Eleberri bat idatzi nahi duen gizonezko bat da Joxean Agirreren (Azpeitia, 1949) liburu berriko protagonista eta narratzailea. Literatur eskolako irakasleak horretarako dohainak dituela esango dio, baina sortze prozesuan murgiltzen joan ahala, bizitza aldrebesten joango zaio. Parodia giroko eleberria da Gizajoen katalogoa (Elkar), eta katalogo edo hiztegi labur bat ere txertatu du bertan. Gainera, autofikzioari ere tartetxo bat eskaini dio.

«Literaturak eman dizkigun heroi galtzaileen zerrenda». Modu horretan definitzen du eleberriko protagonistak lantzen ari den gizajoen katalogoa.

Literatura garaikidean estilo horretako pertsonaia asko dagoela uste dut. Felix de Azuak esaten du arte garaikidea eta literatura gehiago gerturatzen dela karikaturara argazkira baino. Gizajo maitagarriak dira, batzuon antzekoak. Gizajoen zerrenda honetan oso jende diferentea sartu dut: batzuk ez dira literaturatik jasoak, baizik eta haragizkoak; batzuk erabat gizajoak dira eta besteak moderatuagoak... Bat da erabat gizajoa dena, Juan Jose Millasen igeltsero atzeratua: oilategia egiten du eta ez du aterik uzten ateratzeko. Metafora polita iruditzen zait, artista eta idazleen obrarekin gauza bera gertatzeko arriskua dagoelako, betiere muturrera eramanda. Zeure lanean murgiltzen zarenean, hor geratzeko arriskua dago.

Liburuko gizajorik handiena narratzailea bera dela esan al daiteke?

Berak zerrenda hori egiten du, haiekin identifikatuta sentitzen delako. Ederrena hasierakoa da, Romain Garyrena. Neskari esploratzaileak gustatzen zaizkiolako Marseillara joaten den bizargin baten istorioa jaso dut, eta honek postalak bidaltzen dizkio, mundu osoan dabilela kontatuz. Pentsatzen duzu zeinen gizajoa den eta nolakoak garen. Izan ere, askotan sekulako zorakeriak egiten ditugu emakume bategatik. Narratzailearen bizitza korapilatzen joango da liburuan, baina ez dut uste gizajoa bihurtzen denik, bera baita horrelakoa. Duintasunez daraman zerbait da.

Literatura eta metaliteratura presente daude uneoro, baina modu oso parodikoan aurkeztuta. Euskal literatura serioegia delako akaso?

Ahala hori gustatzen zaidalako egin dut lan parodiko bat. Euskal literatura oso zabala bihurtu da, eta ziur badela halakorik. Literaturekiko mendekotasuna, zerbait sortzeko antsietate hori nahiz dauden azelerazio uneak eta idorraldi handi horiek... Idazlei buruz karikatura asko egin izan da; esaterako, Ramon Saizarbitoriak Martutene lanean izugarri onak egiten ditu Martin pertsonaiarekin. Parodia badago, beraz. Baina, ez dakit txikiak garelako den-edo, euskal literaturan eta bertsolaritzan badago serioak izateko joera. Zerbait sakratua balitz bezala. Eleberri honetan, aitzitik, badago ukitu errespetugabe bat. Idazten ari naizenean, irakurleak aspertuko ote ditudan beldurra izaten dut gero eta gehiago. Kezka izugarria da hori. Orduan, joera dut, ez piruetak egitekoa, baina bai estiloarekin jolas asko egitekoa. Istorioa bera oso potentea ez dela pentsatuta, halako birgeria batzuk eginda irakurlea entretenitu dezakedala uste dut.

Zure aurreko lanetan baino umore gehiago al dago hemen?

Agian, bai. Nik uste dut aurrekoa ere parodikoa zela, ildo hori hartuta daukadala eta hor mugitzen naizela. Hemen istorio txikien aldeko apustua dago, eta gero, berrikuntza gisa, zeharka kontatzeko modu hori, izugarri gustatzen zaidana. Erotismoan bezala, gutxi erakutsi eta asko imajinatu. Hemen ere emaztearen eta alabaren istorio guztia dago kontatuta esaldi batzuetatik abiatuta. Gutxitik asko egite hori da, eta horrek sekulako indarra ematen dio. Bestalde, muturreko autofikzioarena dago, poeta gaztearen eskutik azaltzen dena.

Autofikziorako joera hori ere karikaturizatzeko nahia ikusten da. Irakurlea despistatzeko, nolabait esateko.

Poetaren pertsonaiaren bidez ateratzen da hori etikoa den ala ez, pribatuaren eta publikoaren muga nahiz artea eta bizitza nahastea. Honek Kutxabankeko sari batera bidaltzen du ipuin bat, Kutxabankeko gerentearen emaztearen xehetasun guztiak kontatuz. Eskandalu bila joatea da, eta hori nazioartean egiten da. Euskal literaturan landu izan da autofikzioa baina modu suabeago batean: Alaine Agirre, Miren Agur Meabe edo Anjel Lertxundiren azkena, neurri batean. Egiten da, baina modu txukunago batean. Gure herria oso txikia da, eta oso zaila da, baina hori ere iritsiko da.

Zu zeu ere agertzen zara liburuan, baina narratzailea ari da zutaz. Autofikzioari beste buelta bat emanez?

Ez dut uste nobela hau autofikzioa denik, baina autofikzioaren gaia aztertzen dut eta bertako errekurtso batzuk erabili ditut: autorea azaltzearena, esaterako. Asko erabili den teknika bat da, azken 20-30 urtetan etengabe erabili da: Michel Houellebecqek, Juan Jose Millasek... Oso polita da idazten ari denarentzat norbere buruaz barre egiteko, autoerretratu irrigarri batzuk egiteko. Liburuko narratzaileak literatur eskolan eman du izena, eta irakasleak poliki-poliki korapilatu egingo du, Nobel saria ekartzeko programa batean dagoela esanez. Programa horretan hiru idazle daude irakasle bakoitzaren esku, eta narratzaileak komisario bat kontratatuko du beste biak nortzuk diren jakiteko. Bata, poeta gaztea da eta bestea, Joxean Agirre. Irakurlearentzat, agian, txorakeria bat izango da, baina idazlearentzat denbora pasa polita.

Badirudi ongi pasatu duzula zeure buruz idazten.

Bai, hala da. Izan ere, liburuan badaude autoerretratu batzuk, ispiluaren aurrean biluzik agertzen naizena: tripa hazita, barrabilak nola ditudan esanez... Pintoreek autoerretratuak egiterakoan edertu beharrean itsusitu egiten dituzte euren buruak, eta hori gauza ederra da. Zergatik ibiliko zara zeure akatsak ezkutatzen. Momentu batean, kontrakoa ere egiten dut: Agirrek zakila txikia zuela jartzekotan egon nintzen, baina bikoitza daukala jartzen bukatu nuen. Egia esan, ondo pasatu dut. Nork bere lanean ongi pasatzen ez badu, jai du.

Kirmen Uribe ere barneratu duzu istorioan. Nolatan?

Sinpatia handia diot Uriberi. Iruditzen zait pertsona ona dela, eta bere obra ere miresten dut. Errazagoa da horrelako norbaitekin moldatzea, beste edozeinekin baino. Nobela bat bukatzen ari denean idazle batek dituen neurak kontatu nahi nituen. Egun Interneten espazio birtualak daude edukiak gordetzeko, baina lehen arazo bat zen non gorde, galtzeko edo zerbait gertatzeko beldurragatik. Eleberri bat egitea hiru urteko lan nekeza da, eta bukatzen doala ikusten duzunean, galduko ote den kezkak agertzen dira. Hori modu esajeratu batean kontatu nahi nuen, eta horretarako Kirmen Uribe barneratu nuen istorioan.

Uribek ba al zekien eleberrian agertuko zela?

Argitaletxeko editoreari azaldu nion 20 bat orritan Kirmen Uribe sartu nuela, eta hark esan zidan badaezpada berari deitzeko. Deitu nion eta lasai egoteko esan zidan, nitaz fio zela. Hala ere, nahiago nuela berak irakurtzea azaldu nion, eta elkarrekin geratu ginen. Zati hori eraman nion, baina horretaz ez genuen apenas hitz egin, baizik eta gehiago aritu ginen esku artean zuen obraz.

Eta zergatik ez duzu haren ordez zuretzat hain kuttuna den Ramon Saizarbitoria sartu?

Ez dakit errespeatugatik den, baina gertukoagoa dut. Harreman gehiago dut Saizarbitoriarekin, eta jakingo balu bera aipatzen dudala nobelan ez zidakeen utziko. Nobela atera zen egunean ale bat bidali nion Saizarbitoriari, eta hurrengo egunerako irakurria zuela esanez idatzi zidan. Handik gutxira elkarrizketa egin zioten Argian, eta argazkian nire liburuarekin agertzen da. Gero, EITBren webgunerako beste elkarrizketa bat egin zioten, eta irakurtzen ari zen azken liburuen artean nirea aipatu zuen. Beraz, ongi portatu da nirekin.

Literaturaren alor ia guztiak ukitzen dituzu liburuan: literatur eskola, argitaletxeko editore edo zuzentzaileak, Nobel Saria lortzeko fundazioa, promozio estrategia, idazleen irabazi urriak... Idazleei ezartzen zaien estatus hori desmitifikatzeko ariketa bat izan al da?

Idazleek estatus bat dutela uste al duzu? Guk bezalakoek ez behintzat. Nik uste dut ofizioari buruzko jardun bat dela egiten dudana. Ofizio orori buruz hitz egitea oso polita dela iruditzen zait, niri berdin dit harakin batena edo artisau batena. Baina sorkuntzarekin lotutako ofizioak xelebreagoak izaten dira. Sekulako gatazkak izaten ditugu idazleok gure lanean, baina ez da desmitifikatzeko izan. Beharbada, Bernardo Atxaga mitifikatuko genuen garai batean, asko saldu zuelako, baina gaur egun... Musikariak ere ez dabiltza ongi.

Baina, agian, jendeak beste begi batzuekin begiratzen diete.

Niri norbaitek esaten badit enpresari txiki bat dela eta hamar langile dituela, gustura asko hartuko nuke estatus hori. Hobeto ikusia daude gaur egun ofizio serio samarrak. Gainera, idazle gehienak beren lanetik bizi dira. Euskal Herrian egongo da taldetxo bat profesionalizatua: Koldo Izagirre, Jon Arretxe, Harkaitz Cano... Baina nik uste dut azkenak direla. Ez dut irudikatzen hemendik hamar bat urtera inor profesionalki hortik bizitzen, ez bada unibertsitate arloan AEBetan bezala. Gure sistemak ez du salmentetatik bizitzeko ematen. Liburuan idazle ofizioa barrutik azaltzen dut. Oro har, ofizio guztiak dira politak, baina gurea, idazleona, oso berezia da. Zenbat ordu pasatzen ote ditugu liburuko narratzaileak bezala goizean goiz jaiki eta ordenagailu aurrean, pentsatuz noiz etorriko den esaldi bat hori.

Narratzailearen helburua eleberri hori idaztea da ala lan horretan hasten da pixka bat sexuak bultzatuta?

Hemen eta beste askotan sexua eta sorkuntza oso lotuta doaz. Lotura bat badago bizitza, sorkuntza eta sexuaren artean. Interpretazio kaskarra izango da, baina hemen, liburuaren amaieran, narratzailea idazteko mendekotasunaz salbatzen da. Aldiz, Agirre alsaziar potola batekin katramilatzen da, eta ikusten duzu ez duela erremediorik. Sexua eta sorkuntzarekin jarraituko duela. Oinarrian indar bera dago.

Eleberria istorio txikiz harilkatuta dago. Ipuin bilduma bat ere izan ziteken, ezta?

Gaur egun, ikuspegi zatikatuago bat eskaintzeko joera gehiago dago. Liburuan erabat zatikatua da. Ez dago eleberriari indarra emango lioken istorio handirik, eta uste dut hori dela akatsa. Egokiena izango litzateke istorio potente samarra izatea nobelari bizkahezurra emateko, eta, aldi berean, istorio txikien bilduma egitea. Liburu honetan istorio txikiak daude, eta hiztegi bat osagarri moduan: literaturaturi buruzko pasarte txikiekin. Batzuetan iruditzen zait pinporta txiki batean nobela handi batean adina literatura dagoela. A hizkiarekin bakarrik pila bat bildu nituen, eta gauza bera gainerakoekin. Hala, nobelaren bigarren partean alboratu egin nuen hiztegia, eta abiadura pixka bat hartzen du. Hizkiak sartzen jarraitu banu, moteldu egingo zen, eta E hizkiraino iritsi naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide