Bertsolari gazteak plazara

Urola Kostako Hitza 2016ko maiatzaren 11

Eskualdeko ikasleek 'Gu ere bertsotan' egitasmoa landu dute, eta orain jaialdiak egiten ari dira herriz herri. Atzo arratsaldean bi saio egin zituzten Zarautzen

Eskualdeko hainbat herritako ikastetxeetan Gu ere bertsotan egitasmoa landu dute aurten ere, eta egunotan emaitza ikusteko aukera izaten ari da han-hemenka. Orion herenegun egin zuten ekitaldia, Ikastolako aretoan, eta Zarautzen, berriz, atzo egin zuten, Aritzbatalde pilotalekuan. Aurten, LHko 4, 5 eta 6. mailako 400 bat ikasle trebatu dira Zarautzen, Jokin Uranga eta Iñaki Gurrutxaga bertsolarien gidaritzapean, eta atzo arratsaldeko ekitaldietan —bi saio eskaini baitzituzten— ikasitako oholtzaratu zuten. Zumaian maiatzaren 16an izango da jaialdia, 18:00etan hasita, Maria eta Jose ikastetxean. Guztira, 213 ikasle inguruk hartu dute parte; hau da, Maria eta Joseko, Herri Eskolako eta Oikiako eskolako LH 5. eta 6. mailakoek. Jokin Uranga izan dute gidari. Azpeitian maiatzaren 17an izango da saioa, 18:00etan, Soreasun. Getariako Iturzaeta Eskolan ekainaren 10ean egingo dute saioa, arratsaldez, eskolako jaialdiaren barruan. Azkoitian, berriz, maiatzaren 25ean egingo dute. Baztartxo antzokian izango da ekitaldi hori, 18:00ak aldera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide