Sinatu dute akordioa Villar eta udal garbitzaileek

Urola Kostako Hitza 2016ko maiatzaren 10a

Ostiral eguerdian sinatu zuten lau urtetarako hitzarmena Limpiezas Villar enpresako ordezkariek eta bertako langileek. Akordio batera heldu ezean, langileek greba mugagabea hasiko zutela iragarri zuten pasa den apirilaren 22an. 2012. urtetik hitzarmen...

Ostiral eguerdian sinatu zuten lau urtetarako hitzarmena Limpiezas Villar enpresako ordezkariek eta bertako langileek. Akordio batera heldu ezean, langileek greba mugagabea hasiko zutela iragarri zuten pasa den apirilaren 22an. 2012. urtetik hitzarmenik eta babes juridikorik ez dutela salatu zuten eta hitzarmen berri bat eskatu, garbitzaileek egoera ekonomiko-sozial hobe bat izateko.

Limpiezas Villar enpresa azpikontratatuta du Zarauzko Udalak eta enpresa horretako 40 bat langilek, guztiak emakumezkoak, Zarauzko eraikin publikoen —besteak beste, kultur etxea, Orokieta eskola, haur eskola, musika eskola, kiroldegia, gaztelekua— garbitasunaz arduratzen dira.

2016-2019 urte bitarteko hitzarmena sinatuta, gutxienez datozen lau urtetan langile horien lan baldintzak hobetuko direla jakinarazi dute ELAtik. Akordioan jaso dute, batetik, KPI gehi 2,18ko igoera izango dutela soldatetan eta baita aintzinatasuna eta garraio gehigarriari dagozkion hobekuntzak ere. Bestetik, hobekuntza sozialak ere izango dituzte hitzarmen berria sinatuta, «Rajoy eta Zapaterok ezarritako lan erreformei aurre egin eta euren lan baldintzak blindatzeko», besteak beste .

Era berean, Zarauzko Udalak konpromisoa hartu du pleguak osatzerakoan sinatu berri duten akordioa sartzeko.

«Gure hitzarmen propioa»

Lortutakoa «langileon borrokaren ondorioz eskuratutako garaipen bat» dela nabarmendu dute sindikatutik. «Estatalizazioak eta negozializazio kolektiboaren zentralizazioak astintzen gaituen garai honetan, balio erantsia dauka hemengo enpresa hitzarmena sinatzeak. Zarauzko hitzarmena daukagu, gure hitzarmen propioa eta guztia, langile kolektiboaren batasuna eta borrokarako grina medio». Horri esker, «lau urtetarako egonkortasuna» lortu dutela dio ELAk, «prekarietateari aurre eginez».

«Harro eta pozik» sentitzen direla aitortu dute eta eskerrak eman dizkiete «denbora honetan guztian babesa agertu dutenei», besteak beste, herritarrei zein haien ondoan egon diren erakundeei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide