Hiru ibilbide aukera egongo dira: luzea, txikia eta Ttipi ttapa. Bihar hasiko dituzte Mendi Jardunaldiak. Beteranoen XXV. Ibilaldia antolatu dute iganderako
Aurreko aldietan bezala, iraupen luzeko ibilaldia (45 kilometro), ibilaldi txikia (27,3 kilometro) eta Ttipi-Ttapa ibilaldia (11,5 kilometro) prestatu ditu Pagoeta Mendizale Elkarteak Zarauzko V. Iraupeneko Ibilaldiaren barruan. Ibilaldi luzea 14 urtetik gorakoei dago zuzenduta, eta 15. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria da.Izena maiatzaren 12a bitartean eman behar da. Iraupeneko ibilaldian eta ibilaldi txikian irteteko, hamar euro ordaindu behar dituzte federatuek, eta 12 euro, berriz, federatu gabeek. Ttipi ttapa ibilaldirako, lau euro gaztetxoek eta 6 euro helduek. www.zirkuitua.com webgunean eman behar da izena. Plazak mugatuak dira; gehienez, 1.000 lagunek hartu dezakete parte.
Mendi jardunaldiak
Elkarte berak antolatuta, Mendi Jardunaldiak egingo dituzte hilabetean zehar. Hiru hitzaldi-proiekzio egingo dituzte, eta bi film emanaldi. Lehen saioa bihar izango da, eta bertan H1gh S1erran (Kalifornia) aurkeztuko du Igor Mendizabal Goxerri-k. Hurrengo saioa hilaren 12an izango da. Kasu horretan, Ametsak egi bihurtzen emango dute, Mikel Ajuriaren eskutik. Maiatzaren 19an, berriz, Pirineotako 3.000koak emanaldia eskainiko du Patxi Azpirozek.
Azken saioan, hilaren 15ean bi film emango dituzte: Biziminez eta Urzulo. Antxon Arza eta Josu Iztuetaren lana da lehenbizikoa, eta Aloña Mendi espeleologia taldearena bigarrengoa. Hiru hitzaldi-proiekzioak 20:00etan izango dira, Txiki Politen. Modelon eskainiko dituzte azken saioko filmak, 20:00etan baita ere.
Beteranoen XXV. Ibilaldia
Halaber, Pagoetak Beteranoen XXV. Ibiladia antolatu du iganderako. Bi ibilbide aukera egongo dira. Batetik, parte-hartzaileek bidea Erratzun hasi eta Arizkunen amaituko dute, ia 9 kilometro osatuta. Bigarren ibilbidea aukeratzen dutenek, aurrekoen ibilbide bera egin ondoren, Amaiurrera joko dute. Ibilbide hori luzeagoa izango da, ia 14 kilometrokoa.
08:00ean elkartuko dira, Agoueseneko biribilgunean.