Ken Zazpi taldeak kontzertua eskainiko du maiatzaren 7an, Salbatore Mitxelena ikastolako atarian. Sarrerak salgai daude Interneten, herriko tabernetan eta ikastolan
Elkarlanean antolatu dute ekitaldia Zarauzko Zurekin elkarteak, Salbatore Mitxelena Ikastolak eta Zarauzko Udalak. Ostalari elkarteak uda sasoiz kanpo kontzertu bat antolatzeko asmoa zuen. «Udaberrian zerbait antolatu nahi genuen, asteburuak indartu eta Zarautz plaza garrantzitsu bezala ezagutarazteko», zehaztu du Igor Azpitarte Zurekin elkarteko ordezkariak. Bere aldetik, Salbatore Mitxelena Ikastolak aurten 50 urte bete dituela-eta, zerbait berezia egiteko nahia agertu zuen. Zurekinek aukera eskaini eta «ideia itzela» iruditu zitzaien, Goretti Aranbururen esanetan.Hortik sortu da maiatzaren 7ko ekitaldia. Egun horretan, Ken Zazpi taldeak kontzertua eskainiko du Ikastolako atarian. Eguraldi txarra eginez gero, Aritzbatalde kiroldegian izango da.
Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko abeslariarentzat «ohore bat» da Ikastolako 50. urteurreko ekitaldi horretan parte hartu ahal izatea: «Taldekideok ikastolan ikasitakoak gara. Nire gurasoak, gainera, ikastolako irakasle eta fundatzaileak izan dira. Ezinbesteko azpiegiturak dira guretzat eta oso pozik gaude urtemuga ospatzeko aukera izango dugulako».
Elorrietak jakinarazi du Phoenicoperus disko berria aurkeztuko dutela emanaldian, eta horrez gain, aurreko diskoetako kantak ere joko dituztela. Hori guztia, argi eta irudi muntaia bereziarekin lagunduta. «Ikuskizuna alde guztietatik mimatzen saiatuko gara. Ziur, suzko txoriak hegan ikusiko ditugula egun horretan», aurreratu du Aranburuk.
Sarrerak salgai daude
Sarrerak Internetez eskuratu daitezke, Kutxabank-en plataformaren bitartez, eta baita Zurekin elkarteko ohiko tabernetan nahiz Zarauzko Ikastolan bertan ere. 15 euro balio du sarrerak aurrez erosita. Egunean bertan, berriz, 18 euro ordaindu beharko da txartel bakoitza. Hasiera batean, 1.500 sarrera jarriko dituzte salgai. Izan ere, eguraldi txarra eginez gero, Aritzbatalde kiroldegian egingo dute kontzertua, eta bertan 1.500 pertsona sartzen dira. Zarauzko ikastolak, berriz, jende gehiagorentzako tokia du; 3.000 lagun sartzen dira bertan.
Datorren astean eguraldiaren iragarpenaren arabera erabakiko dute ikastolan ala kiroldegian egingo den kontzertua. Ikastolan izanez gero musika ekitaldia, sarrera guztiak jarriko dituzte salmentan.
Zarauzko emanaldiaren ostean, Bartzelona eta Madrilen izango dira Ken Zazpi taldekoak. «Zarautzen jo ondoren, ziurrenik pilak kargatuta helduko garela lurralde horietara», nabarmendu du Elorrietak.
Lan berria aurkeztu dutenetik eskaini dituzten emanaldietarako sarrera guztiak agortu dira. «Urteak daramatzagu kontzertuak eskaintzen, eta ibilbidean zehar bete ditugu aretoak. Baina kasu honetan, sarrera guztiak ari dira agortzen. Jendearen babes hori sentitzen jarraitzea luxua da guretzat. Zortedun sentitzen gara», gaineratu du.
Donostiako zein Bilboko Aste Nagusietan ere izango dira gernikarrak, eta datorren urtean «beharbada» Europara egingo dute salto.