Maiatzean hasiko dira egiten Itxasmendiko biribilgunea

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2016ko apirilaren 27a

Sasoi eraikuntzak-ek egingo ditu lanak, 358.864 euroko aurrekontuarekin. Bidegorria luzatuko dute biribilgune berritik Hegoalde kaleko biribilguneraItxasmendiko bizilagunek «aspalditik» egindako eskari bati erantzutera doa Zarauzko Udala: auzoko sarr...

Sasoi eraikuntzak-ek egingo ditu lanak, 358.864 euroko aurrekontuarekin. Bidegorria luzatuko dute biribilgune berritik Hegoalde kaleko biribilgunera

Itxasmendiko bizilagunek «aspalditik» egindako eskari bati erantzutera doa Zarauzko Udala: auzoko sarreran, Araba, Buztinzuri eta Maria Etxetxiki kaleak elkartzen diren gunean biribilgunea eraikiko dute. «Aspalditik ahaztuta dago Itxasmendi udalaren aldetik», nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. «Auzoz auzo ekimenarekin auzoko zenbait beharri erantzun diegu. Orain, eskaera nagusia asetzera goaz. Horren helburua da bidegurutze horretan sortzen diren trafiko arazoak arintzea».

Erakundeak dagoeneko erabaki du nork egingo duen obra. Lehiaketara aurkeztu ziren hamar enpresetatik, Sasoi eraikuntzak S.L. arduratuko da obrak egiteaz. Datorren astean sinatuko dute kontratua eta lanekin maiatza hasieran hasiko dira. Obrek hiru hilabete iraungo dutela aurreikusi dute; uztaila bukaera-abuztua bukaerarako amaituko dituzte, beraz. Biribilgunea eraikitzeko, Zarauzko industrialdeko aparkalekuari zati bat kenduko diote, baita suhiltzaile parkearen ondoko berdeguneari ere. Horretarako, zenbait zuhaitz moztu beharko dituzte, baina alkateak jakinarazi du beste guneren batean berreskuratuko dituztela.

Obrak irauten duten bitartean, bide alternatiboak izango dira auzora sartzeko. Obrek sor ditzaketen eragozpenen aurrean, Txurrukak pazientzia izateko eskatu die bizilagunei. Obra amaitzean, guneko trafiko arazoak sahiestu eta Zarauzko industrialdeko langileek sarbide zuzena izango dute lantegira.

358.864 euroko partida jarri du udalak biribilgunea eraikitzeko, eta horren barruan, beste obra txiki bat egiteko aprobetxatuko dute. Hain zuzen, biribilgune berritik Hegoalde kaleko biribilguneraino bidegorria sortuko dute. Zehazki, Araba kaleko berdegunetik igaroko da, zuhaitz artetik.

Obrak amaitutakoan, bizikleta erabiltzaileek ez dute errepidera sartu beharrik izango. «Udal Gobernuak bidegorri sarea hobetzen jarraitzeko asmoa dauka, mugikortasun arazoak ekidin eta herritarren beharrei erantzunez», argitu du alkateak.

Trafiko aldaketen harira

Alkatea «gustura» dago azken asteetan trafikoan egin dituzten aldaketekin. «Bizkaia kalea trafikora ireki dugu eta oso pozik gaude emaitzarekin. Herritar askok zoriondu gaitu». Haren arabera, horrek Araba kaleko trafikoa arindu du.

Bestalde, Mantzisidor kalean egindako norabide aldaketa aztertzen ari direla nabarmendu du: «Uda aurretik hobekuntzak egin nahi ditugu, sasoi horretarako irtenbideak emateko».

EH Bilduk, bere aldetik, trafiko aldaketa horiek kritikatu egin zituen hilabete hasieran, zarauzkohitza.eus atariko komunitatean. Oinezkoentzat eta bizikletentzat ziren espazioak «galdu» eta «autoz bete» direla adierazi zuen. Aldaketak «bertan behera uzteko» eskatzeaz gain, «inprobisazioak utzi eta mugikortasun plan integral bat osatzeko lanari ekiteko» eskatu zion Udal Gobernuari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide