Txakurrentzat bi asialdi gune berri sortu ditu Udal Gobernuak: bata, Salberdinen, Santa Klara komentuaren ondoan eta bestea, Abendañon, Urola Kostako Udal Elkartearen eta Garbigunearen arteko belazean. Lehenbizikoa herrigunean dago, erdigunetik gertu. 750 metro koadro ditu guztira. Bigarrengoa handiagoa da: 2.500 metro koadro neurtzen ditu. Hori, bereziki, txakur handientzat sortu dute, espazio nahikoa izan dezaten lasai korrika egiteko.
Gune berri horiei aurrez Iturribide kalean, trenbidearen albo batera atondu zuten eremua gehitu behar zaie. Aurrerantzean hiru gune izango dira txakurrak libre ibiltzeko, «errepidera ateratzeko beldurrik gabe eta pertsonak arriskuan jarri gabe».
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak esan du horrekin txakur jabeen eskaerari erantzun diola Udal Gobernuak: «Herrian txakurrek beti lotuta ibili behar dute; hala dio ordenantzak. Baina, ezinbestekoa da txakurrak noizbehinka libre uztea. Udalak arauak jarri eta betearazten ditu, baina era berean, baliabideak eskaini behar ditu».
Bi gune berriak sare batez daude inguratuta—Abendañokoak altuagoa du hesia— eta bi ate dituzte barrura sartzeko, txakur bat sartzean barruan dagoena ateratzea saihesteko. Halaber, kanpoaldean zaborrontziak jarri dituzte, jabeek animalien gorotzak bertara bota ditzaten.
Txakur kakak jasotzearen garrantzia nabarmendu du: «Horrekin arazo handia daukagu herrian. Jabe batzuk oso kontziente dira eta beti jasotzen dute, baina beste batzuk ez dute pentsatzen nolako kaltea sortzen duten». Lorezainentzat, esaterako, «nazkagarria» dela adierazi du: «Pentsa ezazue zer gertatzen den makinarekin belarra mozten ari direnean eta airetik zabaltzen denean». Lorezainentzat ez ezik, edozeinentzat da «higuingarria», Vazquezen arabera: «Nazkagarria, zikina eta kaltegarria».Gogoratu du udaltzainek isunak jartzen dituztela baina ardura guztiena dela eta, horrenbestez, «beharrezkoa» dela herritar guztiek gizalegez jokatzea: «Oso erraza da poltsa batzuk hartu, gorotzak jaso eta zaborrontzira botatzea».