Iritsi berriei herrian integratzen lagunduko diete

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2016ko apirilaren 26a

Harrera programa osatu du Zarauzko Udalak, bi ikastaro eta hiru hitzaldirekin. Gaur izango da lehenbiziko hitzaldia, ikasketa agirien homologazioari buruz«Gure gizarteak erronka ugari izango ditu, tartean, herri eta auzoetako aniztasuna kudeatzea». I...

Harrera programa osatu du Zarauzko Udalak, bi ikastaro eta hiru hitzaldirekin. Gaur izango da lehenbiziko hitzaldia, ikasketa agirien homologazioari buruz

«Gure gizarteak erronka ugari izango ditu, tartean, herri eta auzoetako aniztasuna kudeatzea». Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak esan du Zarautz ez dela «salbuespena» eta udalerriko biztanleria ere «geroz eta anitzagoa» dela. «Geroz eta jatorri gehiagotako jendea iristen da gurera, eta aniztasun horrek kultura aberastasuna eta garapen ekonomikoa dakarzkio herriari». Aniztasun hori, ordea, zaindu egin behar dela dio, elkarbizitza osasuntsua izan dadin.

Horregatik, «integraziorako lehen urratsa» eman du udalak: harrera programa prestatu du. Guztira, bost jarduera antolatu dituzte: bi ikastaro eta hiru hitzaldi. Zorrozuak argitu du gehienbat etorri berriei zuzenduta dagoela, baina zenbait ekitaldi bertakoentzat ere badirela.

Lehenbiziko hitzaldia gaur izango da, atzerriko ikasketa agirien homologazioaren ingurukoa da. Tramite hori nola egin azalduko dute Bidez bide erakundeko ordezkariek, Etxezabalan, 17:00etan. «Izapide zaila da, eta jendea askotan galduta sentitzen da. Hori argitzen lagunduko du hitzaldiak», zehaztu du Zarauzko Immigrazio teknikari Julen Arangurenek. Irailaren 17an, larunbatean, eskainiko dute berriro gai beraren inguru beste hitzaldia.

Maiatzaren 21ean zein azaroaren 6an etxeko eta zaintza lanez ariko dira Bizkaiako Etxeko Langileen elkarteko kideak. Arangurenen arabera, zalantza «asko» sortzen zaizkie langileei zein kontratatzaileei eta prekarietatea ere «handia» da sektore horretan. Etxeko langileen eskubide eta betebeharrez, soldatez, ordutegiaz eta baldintzez jardungo dute hitzordu horretan, besteak beste.

Hirugarren hitzaldia atzerritartasun araudiari buruzkoa izango da. Urriaren 19an eta abenduaren 13an eskainiko du Eusko Jaurlaritzako abokatu batek, eta paperak lortzeaz, familia berriz batzeaz, lanerako baimenez eta herritartasunaz jardungo du.

Ikastaroak

Ikastaroei dagokionez, batetik, atzerritartasunari buruzko orientabidea eskainiko dute eta, bestetik, ohiko euskara harrera. Azken hori martxan dago dagoeneko. Immigrazio teknikariak jakinarazi du hamabi pertsona ari direla euskarazko oinarrizko gauzak ikasten eta herriko baliabideak ezagutzen.

Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean eskainiko du SOS Arrazakeriak-ek atzerritartasunari buruzko orientazio zerbitzua. «Paperak atera nahi dituzu? Paperak berritzeko edota herritartasuna lortzeko zailtasunak dituzu? Atzerritarra izateagatik diskriminazio egoeraren bat jasan duzu?», halako galderak erantzungo dituzte. Astelehen goizetan emango dute, Zuberoa kaleko 22. zenbakiko lokalean, doan. Aurrez hitzordua hartu beharko da, 943-245626 edo 943-245627 telefonoetara deituz.

Harrera programak udaletxean, mintzategi edo lokutorioetan, Gizarte Zerbitzuetan eta EPAn banatuko dituzte, besteak beste. Udaleko webgunean (zarutz.eus) ere eskuragarri dago formatu digitalean. Informazio zabalagoa eskuratu nahi duenak Gizarte Zerbitzuetara jo, deitu (943-005127) ala idatzi (immigrazioa@zarautz.eus) dezake.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide