Babyauto Zarautzek igoerari helduko dio etzi, Burgosen aurka

A. Mutiozabal 2016ko apirilaren 22a

«Gure multzoan bigarren postuan amaitu dute, eta ezagutzen ditugu. Talde indartsua da», adierazi du Zarautz Rugby Taldeko lehendakari Gaizka Zulaikak. «Haien aurka bi aldiz neurtu ditugu indarrak aurten, eta bietan irabazi diegu. Jakin badakigu part...

«Gure multzoan bigarren postuan amaitu dute, eta ezagutzen ditugu. Talde indartsua da», adierazi du Zarautz Rugby Taldeko lehendakari Gaizka Zulaikak. «Haien aurka bi aldiz neurtu ditugu indarrak aurten, eta bietan irabazi diegu. Jakin badakigu partida zailak izango direla; ez direla puntu askokoak izango, alegia. Gainera, haien etxean nahiko justu irabazi genuen aurrekoan».

Baja inportante batzuk baldin badituzte ere, igoera faseko final laurdeneko kanporaketa gainditzeko gogotsu zelairatuko direla azaldu du Zulaikak. «Han irabaziz gero, alde txikiarekin izango da, eta galduz gero ere, alde txikiarekin izan beharko du. Etxeko partida erabakigarria izango da». Igandean Burgosen jokatuko dute joaneko partida, 12:00-etan hasita. Lehen partidarako autobusa antolatu dute jarraitzaileentzat, eta 60 lagun inguru joango zaizkie animatzera. Itzulikoa astebete geroago izango dute, maiatzaren 1ean, Astiko zelaian.

Azken urteetan hainbat igoera jokatzeko aukera izan du Zarautz Rugby Taldeko lehen taldeak. Aurten lehenak bukatu dute liga, partida bakarra galduta, eta Zulaikaren arabera, «argi dago talde sendoa osatu dugula, eta maila ona ematen ari garela».

Burgosko taldearen aurkako kanporaketa gaindituko balute, CAU Valenciaren eta CR La Vilaren artean gailentzen denaren aurka jokatu beharko lukete finalerdietan, maiatzaren 8an eta 15ean. Kanporaketako beste gurutzaketetan, beste lau talde hauek ariko dira final laurdenetan: batetik, CR Atletico Portuense taldea Ciencias Sevillaren aurka, eta bestetik, CR Liceo Frances taldea CR San Cugaten aurka. Finala maiatzaren 22an eta 29an jokatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide