Miren Etxezarreta (Ordizia, 1936) ekonomialaria eta gizarte aktibista da. Aste honetan bertan
bi hitzaldi emango ditu pentsioen etorkizunaz eta prekarietateaz eskualdean:
Azpeitian, ostegunean (apirilak 21), 19:00etan, Sanagustin kulturgunean, Elkar-ekin, Baigera eta Duintasunak antolatuta.
Zarautzen, berriz, ostiralean (apirilak 22), 18:30ean, Antonianon, Duintasunak antolatuta.
Herritarren artean zabalduta dago etorkizunean pentsioentzat dirurik egongo ez denaren ustea. Beldur hori erreala edo sortua da?
Gizartean beldurra sortzeko zabaldu den mezua da hori. Horren atzean finantza interesak daude, baina ez da Espainiara soilik mugatzen, munduko finantza sistemak bereganatu nahi ditu pentsio publikoen fondoak pentsio pribatuetarako. Horretarako, aspaldi Munduko Bankuak operazio bat jarri du martxan etorkizunean pentsioetarako dirurik egongo ez denaren ideia gizartean zabaltzeko. Nahita sortutako beldurra da.
Baina, erreala al da? Etorkizunean pentsioak egongo al dira?
Hori gure esku dago. Guk esaten badugu ez dela pentsioentzat dirurik egongo, ez ditugu kobratuko; baina, argi badugu pentsioentzat dirua egon daitekeela eta mobilitzatzen bagara kobratuko ditugu. Egun ditugun eskubide sozialak ez dizkigute oparitu, borrokatuta irabazi ditugu, tartean pentsioa. Hori oso eskubide erakargarria da finantza kapitalarentzat, eta desagerrarazten saiatzen ari dira, herritarrek pentsio pribatuak egiteko. Dagoeneko jaisten ari dira pentsioak, beraz horien alde borrokatu behar dugu ez desagertzeko.
Beraz, mobilizazioa da gakoa?
Eskubide sozialen aldeko borroka orok kolektiboa izan behar du, inoz ez bakarkakoa. Banketxeek esaten digute badaezpada ere pentsio pribatu bat kontratatzeko, baina hori ez da irtenbidea, pixkanaka haien bidetik eraman nahi baigaituzte. Gainera, ez da irtenbide segurua; izan ere, banketxeek diru hori burtsan inbertitzen dute eta horrek arriskua du. Hasieran esaten ez badigute ere, diru hori galdu daiteke, eta askotan gertatu da lanean gauden artean pentsio pribatua ordaintzen egon, eta erretiroa hartu eta diru hori atera nahi dugunean, bankuak esatea, burtsako balioa jaitsi egin delako, ordaindutakoak erdia balio duela.
Pentsioen gaiarekin lokartuta al dago gizartea?
Pentsioen gaia oso garrantzitsua da, baina herritarrek beren egunerokoan zuzenean eragiten dieten arazo gehiago dituzte. Egia da gizarteak nahiko erraz onartzen duela etorkizunean pentsioetarako dirurik egongo ez denaren ideia, baina ez da ahaztu behar herritarrak alde askotatik erasotuak daudela: osasun zerbitzu eta hezkuntza sistema publikoak okertu egin dira, soldatak jaitsi dizkigute eta lana galdu dugu. Horregatik, 67 urte ditugunean gertatuko denaz aurrerago arduratuko garela pentsatzen dugu. Hutsegitea da bai, baina hutsegite ulergarria. Horregatik da garrantzitsua herritarrei errealitatea azaldu eta kontzientziatze lana egitea. Azpeitiko eta Zarauzko hitzaldiek horretarako balio izatea espero dut.
Gizarte mugimenduetan gertatzen ari den eraldaketa garrantzitsua al da eskubide sozialak mantendu daitezen?
Industrializaziotik borroka soziala alderdi politiko progresisten eta sindikatuen bidez egin da. Hala ere, finantza botere handiak erakunde horiek presionatzen ari dira, hainbat eskubide desagertzeko. Gizartea horretaz ohartu da, eta gizarte mugimenduak antolatzen hasi dira: pentsiodunak alde batetik, osasun zerbitzuko langileak bestetik, baita irakasleak eta beste hainbat kolektibo ere. Mugimendu horiek herritarrengandik sortu dira, eta ez dute boterearen jarraibiderik segitzen, eta hori oso positiboa da. Hurrengo urratsa, pixkanaka mugimendu horiek denak uztartzen joatea izango da, sareak sortuz.
Azken asteotan albiste dira Panamako Paperak. Uste duzu beharrezkoa dela politikariek benetako konpromisoa hartzea gai horrekin?
Eskura jarri digute, nor ausartuko da orain herritarroi dirurik ez dagoela esatera? dirua soberan dago, jakin behar dena da non dagoen eta nork duen. Horrez gain, hausnarketa egin behar dugu eta konturatu egungo sistemak iruzurra ahalbidetzen duela; beraz, lapur lotsagabe batzuk baino sakonagoa da arazoa, sisteman dago akatsa. Sistema horren aurka borroka egin behar dugu.
Erabaki politikoa da beraz?
Erabaki politikoa eta soziala da. Estatuak gertatzen denaren jakitu dira, eta bankuak lagun dituzte. Horregatik herritarrok argi izan behar dugu gizarte zibilizatu orok bere populazio pasiboa finantziatu behar duela, haurrak eta adinekoak, eta eskubide hori desagertu ez dadin lanean segitu behar dugu, presionatu. Beraz, estatuak pentsioak ordaintzeko dirurik ez badu nondik atera behar duen aztertu beharko du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Diru sarrerak Bermatzeko Laguntza kenduko duela. Zer iruditzen zaizu ?
Neurri horrek gizarte politikak ahalik eta txikiena izan behar duenaren ideia du oinarrian. Laguntza txikiak emateko prest daude, kalean pobrezia larririk ikusi ez dadin, baina sinbolikoak dira. Sistemak uste du nork bere buruaz arduratzeko gai izan behar duela, baina hori ezinezkoa da lanik ez badugu, etorkizun oparoa izatea kalitatezko hezkuntza publikoa finantzatzeko dirurik ez badago edo osasuntsu egoteko osasun zerbitzu publikoa eskaintzen ez bada. Sistema hori defendatzen duten liberalak merkatuaren printzipioetan oinarritzen dira, produktibitatean. Bizitza norbanakoaren ikuspuntutik aztertzen dute, eta ez dira konturatzen gizartea kolektiboa dela, eta horrek markatzen duela norbanakoaren bidea.