Aimar Irigoien nagusi Aiako Peru Harri Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2016ko apirilaren 17a

Paulo Aldalur, Iñaki Perurena, Aimar Irigoien eta Nekane Arrizabalaga (Aritz Mutiozabal). Iñaki Perurenaren bi harrirekin aritu dira lanean sei harri jasotzaile, eta errezildarra izan da pisu gehien jaso duena. 49 jasoaldi lortu ditu: 30 aldiz altxa du 24 ontza eta 10 arroako zilindro zaharra, eta 19 aldiz 32 ontza eta 10 arroako zilindro zaharra (bakoitzak 125 kilo); 6.125 kilo, guztira. Alde nabarmenarekin irabazi du Irigoienek Aiako Peru Harri Txapelketa, bigarren sailkatu den Inhar Urruzunok baino 500 kilo gehiago jasoz. Ondarroarrak, bere aldetik, errezildarrak baino altxaldi bat gehiago lortu du 32 ontzakoarekin. Oro har, parte hartu duten gehienei kostatu zaie 32 ontzakoa, ohi baino harri luzea delako; txapelketari 24 ontzakoarekin ekin diote, eta bakoitzak 3 minutuko lana egin du harri bakoitzarekin. Txapelketan eskualdeko beste bi kide aritu dira lehian: Aimar Galarraga oriotarra eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarra. Biak ala biak paretsu ibili dira, baina epaileek jasoaldi bat baliogatu diote zarauztarrari bigarren harriarekin, eta, azkenean, jasoaldi bakar bategatik gailendu zaio oriotarra. Ondorioz, Galarraga hirugarren postuan sailkatu da eta Urra laugarren postuan. Jasoaldietan berdinduta, Josetxo Urrutia eta Xabier Aristegi Santxi izan dira bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren. Sariak banatu aurretik, Perurena bera omendu dute Aiako probalekuan. Aiako Idi Proba Elkarteko kide Paulo Aldalurren eta Aiako alkate Nekane Arrizabalagaren eskutik jaso dituzte oroigarriak Leitzako harri jasotzaileak eta haren emazteak; Joseba Ostolazak ere oroigarri bat oparitu dio omenduari.   Sailkapena 1. Aimar Irigoien. 49 jasoaldi (30 eta 19), 6.125 kilo 2. Inhar Urruzuno. 45 jasoaldi (25 eta 20), 5.625 kilo 3. Aimar Galarraga. 37 jasoaldi (21 eta 16), 4.625 kilo 4. Mikel Lopetegi Urra. 36 jasoaldi (20 eta 16), 4.500 kilo 5. Josetxo Urrutia. 27 jasoaldi (16 eta 11), 3.375 kilo 6. Xabier Aristegi Santxi. 27 jasoaldi (16 eta 11), 3.375 kilo   [flickr_set id="72157664970612693"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide