Laster 20 urte beteko dira Zarauzko ipar-ekialdeko eremua Biotopoaren izendapenarekin babestu zenetik (40/1997 dekretua, otsailaren 25ekoa, Iñurritza ingurua babestutako biotopo izendatzen duena). Dekretuan bertan zehazten da Iñurritza errekastoaren estuarioa, eta itsas aldeko eremua euskal kostaldeko ekosistemen erakusgarri bikaina dela. Dekretuan esaten denez, «duna, padura eta labarrek paisaia bereziki erakargarria osatzen dute, eta horiek barruan beharrizan ezberdinak dituzten landare zein animalia espezie ugari hartzen dituzte, espezializaturiko eta elkarren artean erlazionaturiko komunitate-mosaikoa sortuz».
Dekretuan aipatzen zen, eremu horrek habitat naturalak birsortu eta leheneratzeko aukera onak eskaintzen zituela. Horrela, 2010. urtean Iñurritzako Biotopoan, bertako natur eremua berreskuratzeko obrak hasi ziren urte batzuk lehenago onartutako Plan Berezia gauzatzeko (Diputatuen Kontseiluak, 2006ko ekainaren 6ko batzarrean onartutako Zarauzko Iñurritzako Biotopo Babestuaren Plan Berezia. GHI-120/04-P08).
Hori guztia ikusita, pentsa liteke, natur ondarearen kontserbazioa eta berreskutzea dela eremu horretan administrazioek lehenesten dutena, baina azken urteetako bilakaerak kontrakoa erakusten digu. Dagoen lekuan egonda, alegia, parke periurbanoa izanda, aurreikusten zen giza presio handia jasango zuela eremu osoak: golfa (oraindik kudeaketa planik gabe), beheko kanpinekoa, jatetxekoa, goiko kanpinekoa, paseatzaileak, egurrezko pasabidekoa, hondartzakoa... Hirigintza presioa ere handitzen doa Talaimendi aldetik; gure iritziz saihestu zitekeena edo saihestu beharko litzatekeena: lehen aipatutakoez gain, txaletak, araztegia, auzibidean den Amezti etxea, proiektuan den Powertxiki edo SurfCamp-a.
Zarauzko Iñurritzako Biotopoa, izendapen hura justifikatu zuten, natur balioak arriskuan jar ditzakeen giza eta hirigintza presioa jasaten ari da. Ez da gehiegikeria, gure ustez, biotopoa arriskuan dagoela esatea, eta, beraz, administrazio ezberdinei eskaera zuzena egiten diegu hirigintza interesen gainetik, natur balioen kontserbazioa eta berreskuratzea lehenetsi ditzaten, interes publikoaren izenean.
Hasi dira festa eta su artifizialak Zarauzko golfak ehungarren urteurrena ospatzen duelako aurten. HITZA-k bi orrialde eskaini zizkion aurreko aste batean. Egin duten liburuaren egileak, azkenaldian hainbeste bider entzun duguna errepikatzen zuen, alegia, golfa izan ezean eremu hori dena etxez betea egongo zela gaur egun.
Baliteke hala izatea, ez dut nik hori ukatuko, baina azpitik esan nahi zaiguna da: zenbat egin duen golfak biotoporengatik, alegia, zenbat saiatu den ehun urte hauetan inguru horretako ondasun naturala zaintzen.
Zer egin du bada golfak biotopoaren alde? Gauza nabarmenak egin ditu: azaleraren erdia baino gehiagoan bertako landareak kendu eta rye-grassa landatu; golferako erabilgarriak ez ziren tokietako landareak ipurditik atera edo segaz moztu; zuhaixka exotikoak landatu; etengabe herbizidak eta pestizidak erabili; dunak dekapitatu eta itsaso aldetik hondar berria sartzen ez utzi. Hitz batean, ez dute ezer egin ondasun naturala babesteko eta golfaren jardunerako ona zen guztia egin dute. Bakoitzari berea.
Golfa kokaturik dagoen paraje zoragarriari aipamenak egiten ari dira han eta hemen. Egia da, biotopoak asko edertzen du golfa, baina golfak ez dio inongo hobekuntzarik egiten biotopoari. Aitzitik, nire iritzirako, ba- tera ezina da biotopoaren esentzia eta bertako golfaren jarduna.
Laster batean aldundiak egin behar du golfaren jardunaren kudeaketa plana. Espero dut neurri eta arau gogor eta zorrotzak ezartzea, eta bete araztea ondorengo urteetan, ziur bainago aldundiko planean agertuko dela gaur egun biotopoak duen arazorik larriena golfeko jarduera dela.