Ekhine Eizagirrek 'Alde erantzira nabil' lehen poema liburua eman du argitara, Susa argitaletxearen eskutik. Azken hamar urtetan egindako idatziak bildu ditu
«Intimitatea, desira, erotismoa, borroka, errepresioa, feminismoa eta identitatea» dira Ekhine Eizagirreren (Zarautz, 1984) Alde erantzira nabil poema liburuko gai nagusiak. Halaxe adierazi zuen Susa argitaletxeko editore Gorka Arresek herenegun goizean Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egindako aurkezpen ekitaldian. «Bizi baldintza oso berezietan idatzitako liburua da, eta uste dut gure literaturaren historian toki berezi samar bat izan dezakeela. Bere espresioaren gardentasuna eta indarrarengatik ez ezik, bertan kontatzen diren bizi baldintzen zertzeladak literaturan oso gutxitan ezagutu ditugulako», gaineratu zuen Arresek.Eizagirre Fresnes espetxean dago preso (Frantzia), eta aurkezpena bera gabe egin behar izan bazuten ere, bere hitzak presente izan ziren. Idazlearen lagun eta edizio lanetan lagundu duen Maite Egiguren Golmaio arduratu zen ekitaldirako propio idatzitako testua irakurtzeaz.
Hiru etapa nagusi
«Liburua azken hamar urteetako ibilbidearen uzta da», dio egileak: «Izenburuak aditzera ematen duenez, alderantzizko bide-zidorretan galdu edo bilatu izanaren emaitza ere bai». Liburuan hiru etapa nagusi bereizten dira: lehenik, Euskal Herrian bizi zen garaia; bigarrenik, klandestinitatea; eta hirugarrenik, espetxealdia.
«Liburuko olerki askok emozio jakin bat azaltzea eta transmititzea dute xede. Denboraren joan-etorrian, nire zein hurbilekoen memorian marrazten joan diren gertaeren kontakizun laburrak bildu nahi izan ditut. Ene baitako oroitzapen kuttunek bizia gal ez dezaten, berreskuratu, elkarri josi eta atondutako hitzak dira, bat-batekoak gehienak, inprobisatuak, uneak eskatzen zuelako idatziak, eta momentu txikiei arreta berezia eskaini nahi dietenak».
Emozioei estu lotuta, gorputza oso presente dago liburuan. Gainera, «borroka zaporea eta labanda usaina duen alde erantzirako bidea izan da nirea. Ehundura askotarikoa». Legaltasunaren «altitude eta latitudeetatik haragoko lurralde ezezagunetan ibilitakoa» dela dio: «Egun, ordularietako orratzak lozorroan eta lau hormetan iltzatuta diruditen ez-leku arrotz honetan izanik ere, atzera buelta etengabean, beti aurrera tiraka dabilena».
Ikuspegi feministatik idatzitako lana da, eta bertan azken urteetan feminismoaren inguruan irakurri, entzun eta eztabaidatutako zeinbat gai ere jorratzen ditu. Era berean, bizipen pertsonalei leku berezia eskaini nahi izan die: borrokaren hautua, militantzia, erepresioa, klandestinitatea eta espetxea, kasu, baina baita desira eta autoerotismoa ere.
Joko bezala hasi zena
Kattalin Miner idazleak harreman zuzena du Eizagirrerekin. Elkarri gutunak idazterakoan idatziak trukatzeko ohitura zutela jakitera eman zuen, eta pixkanaka «bilduma izan ziteken horretaz» hitz egiten hasi zirela. «Duela urtebete pasatxo bera hasi zen xaxatzen ea publikagarriak ote ziren galdezka». Horrek motibatuta, Egiguren Golmaiorekin hasi zen poemategia gorpuzten eta ataletan banatzen. «Azkenean, joko bezala hasi zena, oso modu naturalean iritsi da liburu bihurtzera», azpimarratu nahi izan zuen Minerrek.
Denbora beste modu batera neurtzen duen liburu bat dela iritzi dio: «Ez dut uste testuingurua oso markatua dagoenik. Nahiko atenporala da. Hiru denboretan banatutako liburua baldin bada ere, edozein denboratan emana izan daiteke». Idazkera poetikoari dagokionez, «politikoa bezala ulertzen den hori berriz definitzeko saiakera bat ikusten da». Minerren arabera, lehen lerrora ekartzen dituen gai pertsonalak «borroka bati eta, kasu honetan, kartzelaldi bati lotuak» daude. «Horrek ekarpen berezi bat egiten dio literaturari, eta, era berean, euskal presoen iruditegia zabalduko du».
Apirilaren 22an, lagunartean aurkeztuko dute liburua Zarauzko Garoa liburu dendan. Bertan Eizagirreren poemak irakurriko dituzte musikaz lagunduta.