Peru Harria harri-jasotze txapelketa jokatuko dute Aian, apirilaren 17an

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 29a

Iñaki Perurenaren omenezko saioa da, eta sei harri-jasotzailek parte hartuko dute. Haien artean, Irigoienek, Urrak eta Galarragak.

Peru Harria txapelketa jokatuko dute Aian sei harri-jasotzailek, apirilaren 17an, igandea, 18:00etatik aurrera. Iñaki Perurenari eginiko omenaldia izango da saioa, eta eskualdeko hiru harri-jasotzaile arituko dira lanean: Aimar Irigoien errezildarra, Mikel Lopetegi Urra zarauztarra eta Aimar Galarraga oriotarra. Haiez gain, honakoek parte hartuko dute: Inhar Urruzuno ondarroarrak, Josetxo Urrutia leitzarrak eta Xabier Ariztegi Santxin etxalartarrak. Antolatzaileek jarritako 125 kiloko bi zilindro jaso beharko dituzte kirolariek; 24 ontzakoa bat, eta 32koa, bestea. Harri bakoitzarekin hiru minutuko txandak egingo dituzte. Lehenengo 24 ontzakoarekin egingo dute saioa; eta, ondoren, 32 ontzakoarekin. Guztira, pisu gehien jasotzen duenak irabaziko du. Aiako Idi Probak elkarteak antolatu du txapelketa, udalaren laguntzarekin. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak egingo ditu epaile lanak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide