Azkoitiko, Azpeitiko eta Zarauzko udalek Bruselako atentatuak gaitzetsi dituzte

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 22a

Zarautzen elkarretaratze isila egingo dute bihar, 12:00etan, udaletxe aurrean.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zarauzko udalek gaur, asteartea, Bruselan (Belgika) gertatutako atentatuak gaitzetsi dituzte. Azkoitiko eta Zarauzko erakundeek EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen deialdiarekin bat egin dute, eta Azpeitikoak bere oharra kaleratu du. EUDELek azaldu du "erabateko irmotasunez" gaitzesten duela Bruselan gertatutakoa, baita "indarkeria terroristaren basakeria" ere. Hori dela-eta, "dolumina eta elkartasuna" helarazi dizkie biktimen senide eta hurbilekoei zein Brusela eta Belgikako bizilagunei. Bi udalek bere egin dituzte hitz horiek. Horrez gain, elkarretaratze isila deitu du biharko Zarauzko Udalak. 12:00etan da hiztordua, udaletxe aurrean. Bost minutu egingo dituzte isilik hara joaten direnek. Azpeitiko Udalak ere "dolumina eta elkartasuna" bidali dizkie hildakoen zauritu eta lagunei. "Guztiei gure babesa agertu nahi diegu, eta erabateko irmotasunez adierazi nahi dugu eraso horiek onartezinak direla: sendo salatzen ditugu", nabarmendu du erakundeak. Munduan zehar gertatzen diren beste erasoak ere salatzen dituela esan du udalak: "Herritar guztion giza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu. Munduan zehar gertatzen diren eskubide urraketa guztiak salatu nahi ditugu, gerrek eragindako biktima guztiak oroitu eta gerra gehiago ez izateko aldarrikatzeko. Ez Bruselan, ez inon".

34 hildako, gutxienez

Lau lehergailu jarri dituzte gaur, asteartea, Bruselan; bi Zaventem aeroportuan, eta besteak Malbeek eta Schumann metro geltokietan. Azken berrien arabera, 34 pertsona hil dira, eta 130 lagunetik gora daude zaurituta. Estatu islamikoak bere gain hartu ditu erasoak. Informazio gehiago, berria.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide