Hamazazpi harri-jasotzailek hartuko dute parte Bi Harri Txapelketan

A. Ventas Aldabaldetreku 2016ko martxoaren 18a

ZKEko Herri Kirol sailak dagoeneko eman du jakitera Bi Harri Txapelketako parte-hartzaileen zerrenda. Guztira, 17 harri-jasotzaile ariko dira hilaren 26an (larunbata), udalerriko arroketan, itsas beheran, jasotako bi harri baldar altxatzen. 17 harri-ja...

ZKEko Herri Kirol sailak dagoeneko eman du jakitera Bi Harri Txapelketako parte-hartzaileen zerrenda. Guztira, 17 harri-jasotzaile ariko dira hilaren 26an (larunbata), udalerriko arroketan, itsas beheran, jasotako bi harri baldar altxatzen. 17 harri-jasotzailetatik hamabi dira eskualdekoak: Aia-Zarauzko lau izetatarrak, Agustin Iruretagoiena Izeta I.a, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a, Jexus Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a; Mikel Lopetegi Urra, Iñigo Eizagirre Eiza eta Jokin Eizmendi zarauztarrak; Xabier Peñagarikano Erreuzta aizarnazabaldarra; Iagoba Otaegi aizarnarra (Zestoa) eta Joseba Ostolaza Orion bizi den zestoarra; Aimar Galarraga oriotarra eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarra.

Horiez gain, Josetxo Urrutia leitzarra; Urtzi eta Beñat Telleria urnietarrak; Xabier Ariztegi Santxin etxalartarra eta Madrilgo Sergio Mielgo ere lehiatuko dira.

Jai Txiki harri koadroa eta Mollarri harri oboidea jaso beharko dituzte, 117 eta 121 kilokoak, hurrenez hurren. Txandaka altxatu beharko dituzte 7 minutuz, bakoitzak aukeratutako ordenean.

Kiroldegian jokatuko dute txapelketa martxoaren 26an, 17:00etan. Harri jasotzea bertako herri kirola izanik, antolatzaileek harri jasotzearen biziraupenean lagundu nahi dute, eta espero dute txapelketa horrek urtez urte jarraipena izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide