Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jende berriarekin harremantzea, askotariko tokiak ezagutzea, kirola praktikatzea lehiakortasunik gabe, neurriko taldea osatu eta horren babesa sentitzea... Asko dira Zarauzko Zikloturista Elkarteak eskaintzen dituen abantailak. Aurten, gainera, Zarautz-BTT-Pagoeta taldearen lekuko hartu, eta errepidean aritzeaz gain, mendira ere egin dute salto. «BTT taldea desagertu ondoren, haiekin hitz egin eta haien lekukoa hartzea erabaki genuen. Mendian ibiltzeko egitura segurua eskainiko dugu».
Jose Ramon Lizaso eta Guillermo Lizeaga elkarteko ordezkariek adierazi dute kirol horri egotzi daitezkeen «mamuak uxatu» behar direla. Errepidean bizikletarekin ibiltzeak beldurra sor dezake, eta talde baten babesa sentitzeak lagun dezakeela horretan. «Erorikoren bat izaten bada edo matxuraren bat, beti izango duzu ondoan norbait laguntzeko», azaldu dute.
Horrez gain, nabarmendu dute Zarauzko Zikloturista Elkarteko kide izateak ez duela «inongo konpromisorik» eskatzen. «Bakoitza libre da nahi duen jardueran parte hartzeko ala ez. Neurrira egindako taldea. Irekia da, eta aukera asko eskaintzen ditu».
Martxoan hasten dute denboraldia, eta irailean amaitu. Igandero antolatzen dituzte irteerak, leku ezberdinetara, orotara 32 bat. «Gehienbat Gipuzkoan zehar antolatzen ditugu irteerak, eta baita Bizkaiara, Nafarroara... Askotariko lekuak ezagutzeko aukera eskaintzen du». 30-40 lagun elkartzen dira normalean, eta norberak erabakitzen du ibilaldia noraino egin.
Irteera bereziak ere egiten dituzte. Horien artean, bat Pirinioetara egin ohi dute. Aurten, maiatzaren 1ean Errioxara ere joango dira, Laguardiara, eta bazkari batekin amaituko dute irteera. Gernikara joan-etorria ere antolatu dute maiatzaren 31rako. Irteera horietan bazkide ez direnek ere hartu ahal izango dute parte, betiere tokia egonez gero. Ekarpenetara ere irekita daude, «jendearen nahiaren arabera» gehiago antolatzeko helburuarekin.
Beste hainbat ekitaldi ere antolatzen du Zarauzko Zikloturisten Elkarteak. Zarautz Reale Klasikoa, esaterako. Partaide aldetik bigarren proba jendetsuena da hori, eta 140 kilometro inguruko ibilbidea da Gipuzkoan zehar. Aurten maiatzaren 17an izango da.
Txirrindulari Txiki Eguna ere egiten dute, Mugikortasunaren Nazioarteko Egunaren harira.
Promozio ugari
Lizasok eta Lizeagak azaldu dute «denentzat lekua» dagoela elkartean, eta «edonork» har dezakeela parte antolatzen dituzten ekintzetan. Gaineratu dute hainbat onura duela bertako kide izateak. «Bizikleta izatea besterik ez da behar». Dagoeneko zabaldu dute elkartean izena emateko epea, eta otsailaren 10era arte izango da horretarako aukera. Bazkide egiten direnek 25 euro ordaindu beharko dituzte, eta horren truke hainbat abantaila izango du. Elkarteko babesleek—Reale, Fitness Sport, Kirol Planning, Spa Gym eta herriko hainbat masajista—hainbat promozio eskainiko dizkie zikloturista berriei.
Interesa dutenek Ciclos Eizagirre, Ibaiondo eta Meta Carbon dendetan eta Fitness Sport gimnasioan eskura ditzakete eskuorriak. Horiek bete ondoren, gune horietan eman ahalko dira, baita zzelkartea@gmail.com helbidera bidali ere, inprimakia eskaneatuta. Elkartearen inguruko informazio zabalagoa eskuratzeko
688-651903 telefonora deitu eta www.zarauzkozikloturistak.com webgunea bisita daiteke.