Nazioarteko Batzorde Olinpiarra Orion da

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 22a

[caption id="attachment_123927" align="aligncenter" width="300"]Nazioarteko Batzorde Olinpikoko kideak eta Orioko Udaleko ordezkariak. (Iturria: Orioko Udala) Nazioarteko Batzorde Olinpikoko kideak eta Orioko Udaleko ordezkariak. (Iturria: Orioko Udala)[/caption] Nazioarteko Batzorde Olinpiarraren bisita jaso du gaur Orioko udalak, uztailean herrian jokatuko den Arku Atlantikoko Itsas Jokoez hitz egiteko. Gaur eta bihar artean antolakuntzako xehetasunak zehaztuko dituzte, azpiegiturak aztertu eta antolaketa lanak aurreratzen joateko. Nazioarteko Batzorde Olinpiarreko presidente Francisco Quirogak aurreratu duenez, uztailaren 11n abiatuko dituzte jokoak selekzio parte-hartzaileen aurkezpen-ekitaldiarekin, eta uztailaren 16an amaituko dira; hau da, Bisiguaren Festa hasiko den egunean bertan. Sei kirolek –surfa, igeriketa, urpekaritza, piraguismoa, bela eta arrauna– osatzen dituzten Itsas Jokoak, eta guztira, kadete eta jubenil mailako 600 kirolari inguru bilduko ditu. Orion jokatuko dituzte proba guztiak; salbuespen bakarra, surfa izango da, Zarautzen izango dena. Oriokoa 21. kirol egistamoa izango da, eta batik bat Ozeano Atlantikoarekin muga egiten duten herritaldeetako selekzioek hartzen dute parte. Euskal selekzioaz gain, honako hauek lehiatuko dira Kantauri Itsasoan: besteak beste, Bretainia, Irlanda, Gales, Portugal, Akitania, Pays de la Loire eta Katalunia. Euskararen presentzia Orioko Udaletik jakinarazi dutenez, udalak «ahalegin handia» egingo du Arku Atlantikoko Itsas Jokoak Orion izateko. 12.000 euroko diru-laguntza emango du eta antolaketan ere parte hartuko du; besteak beste, azkiegitura asko jarriko ditu antolatzaileen esku. Horretaz gain, Orion antolatzen diren gainontzeko kirol ekimenetan bezala, uztaileko kirol hitzorduan ere oriotarren laguntza garrantzitsua izango dela uste du Beñat Solaberrieta Orioko alkateak. «600 kirolaritik gora bilduko dira Orion eta herritarren laguntza ongi-etorria izango da. Dena dela, oraindik ez dugu zehaztu boluntarioen taldea nola bideratuko dugun». Solaberrietaren iritziz herriarentzat «garrantzitsua» da maila horretako ekimen bat Orion jokatzea. Alde batetik, «nazioarte mailako jokoak izanik Orio nazioartean ezagutarazteko bidea izan daiteke eta bisitariak erakartzeko ekimen interesgarria ere bada; kirol probak ibaian egingo dira eta oriotarrek eta bisitariek bertatik bertara jarraitu ahal izango dituzte». Bestetik, euskal selekzioa eta beste hainbat naziotako selekzioak aintzat hartzea urrats garrantzitsua dela uste du alkateak. Ildo horretan, selekzioaz gain euskara ere kontutan hartzeko eskatu die Solaberrietak antolatzaileei. «Aurkezpenetan eta kirolariekin izan beharreko harremanetan besteak beste mesedez ez ahaztu euskara. Gurea da eta maite dugu, gure kirola maite dugun bezala».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide