[caption id="attachment_108365" align="aligncenter" width="300"]

Perlak taldeak Musika Parkean jaialdian parte hartuko du. (Egilea: Perlak)[/caption]
Belarra zapaldu eta musikaz gozatzera gonbidatu nahi dituzte zarauztarrak eta bisitariak gaur 19:00etatik aurrera, Musika Parkean egitasmoa iritsiko baita Zarautzera. Abuztuan ospatzekoa zen musika jaialdia, baina eguraldi txarraren ondorioz irailera atzeratu zuten kontzertu sorta. Gaur arratsaldean abiatuko dute saioa Azken Portuko parkean, eta hainbat musika estilo entzuteko aukera izango da bertan, herritar guztien gustuak asetzeko asmoz. Horregatik, Perlak eta Rural Zombis musika taldeak eta Las Marines DJ-ak igoko dira oholtza gainera aurtengoan. Ekitaldia Donostiako La Salsera elkarteak antolatu du, Zarauzko Udalaren laguntzarekin.
Urteroko egitasmoetan egin ohi duten bezala, Zarauzkoan ere nazioarteko lehiaketa bat antolatu dute. Aurtengo gaia kapelak izango dira, beraz, entzuleak kontzertuetara kapela berezi bat jantzita joatera animatu nahi dituzte Musika Parkean jaialdiko antolatzaileek. Izan ere, kapela elegante edo originalena daramanak Joco etxeko kristalezko edalontzi eder bat, bi pertsonentzako gosaria (kafea, zukua eta opila), eta 250 gramoko kafe-poltsa bat irabaziko ditu Kafe Lauok etxearen eskutik.
Horretaz gain, kapelarekin bertaratzen diren lehenengo 150 lagunei Zarauzko Arrivati Izozki-dendak izozki bana emango die, pasa den urtean bezala.
Iaz arrakasta
Musika Parkean jaialdia Zarautzen antolatzen duten bigarren urtea izango da hau. Iaz abuztuan egin zen musika jaialdia Mollarrin, eta Lou Topet zarauztarrek eta MaderaCore getxoztarrek jo zuten; baita aurten ere bertaratzen direnen artean dantza giroa jarriko duten Las Marines DJ-ek ere. 300 bat lagun bertaratu ziren iaz, eta arratsalde arrakastatsu eta borobila izan zela nabarmendu zuten antolatzaileek.
MUSIKA TALDEAK
- Perlak. Post-punk musika egiten duen taldea 2013 hasieran sortu zen Zarautzen. Pixkanaka abestiak sortzen joan ziren eta lehenengo kontzertua Zarauzko 2013ko Udaberr Fest jaialdian eman zuten, Kupela tabernan. Urte amaieran estudioan sartu ziren eta lehenengo diskoa grabatu zuten zazpi abestirekin. Aurten, besteak beste UdaberriFest jaialdiko oholtzara igo dira Perlak.
- Rural Zombis. Boskote gipuzkoarraren proposamenean, musikak gaur egungo elementuak eta duela hiru hamarkadako pop musikaren ukituak uztartzen ditu.
-Las Marines. Maria eta Ines DJek osatzen dute. Txikitan gurasoen diskoetan miatuz eman zituzten lehen urratsak. Azkenaldian, hainbat estilotako musika jartzen dute; indie musikatik klubetako elektronikoraino doa beren errepertorioa. Mariak nahiz Inesek nabarmentzen dutenez, «gustuko dituzun gaiak jartzean dago gakoa».