Irudi galeria: Zarauzko Euskal Jai Eguna

Zarauzko Hitza 2014ko irailaren 9a

Udako oporraldiaren ostean, lanera eta egunerokotasunera itzultzea aldapatsua egiten zaie askori. Zarautzen,ordea, bada ikasturte hasiera hori leuntzen duen zerbait : Euskal Jai Eguna. Urtero legez, atzo ere asteegun buruzurietako erritmoa aldatu eta jai giroan murgildu ziren herritarrak, errutinatik atera eta festaz gozatzeko. Basamortuaren erdiko oasi batean bezala. Ozeano amaigabearen erdian irlatxoren batean bezala. Izan ere, horretarako osagarri guztiak izan zituzten eskura atzo zarauztarrek zein bisitan propio etorri zirenek. Goiz-goizean Iturengo tunturroek egin zuten iratzargailuarena, eta 08:00etatik aurrera, inurriak bezala, kalera ateratzen joan ziren zarauztarrak, gehienak baserritarrez jantzita. Pixkanaka-pixkanaka udalerriko gune asko bete zituzten milaka inurrik, izan Barren Plazan lehenbiziko txakolin edo sagardo tragoa hartzeko; izan Alde Zaharra txistulari, trikitilari, dultzainero eta tunturroekin kalean gora eta behera ibiltzeko; izan Frontoi Txikia Goiztiarrek antolatutako esku pilota partidak ikusteko; izan hondartza inguruak eta Arrosaleda parkea askotariko koadrilek euren karroen bueltan mokadutxoaz eta edatekoaz gozatzeko; izan Gaztetxeko hamaiketakoa dastatzeko ... Musika Plazan tentsio uneren bat bizi izan zuten bertan festa hasi zutenek, 11:30ak aldera. Euskal presoak etxeratzeko eskatuz  pankarta bat zegoen zintzilik plaza erdian, eta dozena bat ertzain bertaratu zen, pankarta hori kentzeko asmoz. Hainbat gazte identifikatu nahi izan zituzten horiek, baina udal ordezkariek kartel hori zintzilikatzeko udalaren baimena bazutela jakinarazi zieten ertzainei. Behin giroa baretuta, eguerdian puntu-puntuan Munoa plazan elkartu ziren gehientsuenak urteroko hitzorduari erantzunez: Alproja taldearen antzezlana ikusteko, alegia. Benito Lertxundiren abestiari erreferentzia eginez, Zenbat gerra, lau, bat... lana eskaini zuten antzezleek, bertaratu zirenen txalo artean. Zarauztarrak sanpelaiotarren kontra, sanpelaiotarrak zarauztarren aurka, bi fronteak gerran ziren oholtza gainean antzezleak. San Pelaioko Mirenen eta Joxemiel zarauztarraren arteko maitasunak giroa lasaitu zuen arte. Enbatak altxatako olatu handi batek eraman zuen bikotea, «gerrarengatik bizitza emanez». Eta itsasoak bere lana eginda, «akabo gerra». Horren atzetik, beste galduezinezko hitzordu bat etorri zen: dultzaineroek, txistulariek eta trikitilariek eskainitako doinuen erritmora dantza egitera jo zuten Musika Plazara festazaleek. Eta taloak jatera ere bai. Hortik aurrera, gorputzak eutsi arte jarraitu zuten festan herritarrek eta bisitariek, izan txosna gunean, izan Iñurritzako zelaian, izan gaztetxean, izan Barren Plazan, izan malekoian, izan Zonako tabernetan.          

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide