Aberri Egunean parte hartzeko dei berezi bat egingo dute igandean Zarautzen

Zarauzko Hitza 2014ko apirilaren 11

Zarauzko Bilgune Feministak, Ernaik eta Euskal Herrian Euskarazek igande honetarako hitzordu berezi bat jarri dute. Munoara 18:30ean agertzen denak Aberri Egunerako deian hartuko du parte. Hala esan dute ohar bidez deitzaileek: "Gero eta gertuago dugu Aberri Eguna, zehazki apirilaren 20an ospatuko zein aldarrikatuko dugu munduko euskaldunok Euskal Herriaren eguna. Euskal Herrian berriz guztiok bat egiteko unea iritsi da, eta zita hori dagoeneko zehaztu du Independentista Sareak: Euskal Herriko hiriburuan, Iruñean, izango dugu aurten ere nazio ospakizuna. Nazio eraikuntzan dihardugun eragileetako kideok, bat eginik agertu nahi izan genuen apirilaren 2an Iruñean. Euskal Herria erasotzen duten bakoitzean euskal herritar guztiok erasotzen gaituztela salatzeko eta eraso guzti hauei herri gisa bat eginik erantzuteko deia luzatzeko. Espainiako eta Frantziako Gobernuen erasoek ez dute ez muga ez etenik. Behin eta berriro euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea urratzen dute eta eraso guzti hauen bidez, euskal jendartean etsipena zabaldu eta asimilazioaren bidea sustatzea dute helburu, baina ez dute lortuko. Geurea da Euskal Herria! Zarauzko herrian, beste hamaika herritan bezala, bertako eragileok ere dei ozen bat luzatu nahi diogu Zarauzko eta Euskal Herriko jendarteari, Aberri Eguneko ospakizunetan parte hartu dezan, bai Iruñeko ospakizunetan parte hartuz, bai etxeko balkoietan ikurrinak zintzilikatuz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide