Zarauzko itsas pasealekua babesteko larrialdiko konponketak hasi dituzte

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko otsailaren 27a

Astebururako ere itsasaldia iragarri dute meteorologia agentziek. Hain zuzen, bihar haize gogorra ibiliko da. Horrek itsaski handia eragingo du, itsaso zakarreko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak hiru metro inguruko olatuak altxatuko ditu egunaren hasieran, baina arratsalderako itsaso handia espero dute. Hain zuzen, 5-6 metrora iritsi daitezke uhinak. Hori dela eta, alerta laranja ezarri dute itsaso inguruan, denboralearen arriskua handia izango delakoan. Horri aurre egiteko prestaketa lanetan ari dira kostako herrietan dagoeneko. Zarautzen, esaterako, atzo arratsaldean hasi zituzten malekoia babesteko lanak. Otsailaren 2ko goizaldeko olatu handien eraginez malekoi azpian zulo bat sortu da, gainera. Pitzadura Marmol tabernaren parean dago, Munoa plazaren azpian, eta pasa den astean agertu zen, denboraleak malekoia kaltetu eta egun batzuetara. Datozen egunetarako aurreikuspenak kontuan hartuta eta itsaskiak egitura hori are gehiago kaltetu dezakeela jakinda, ahalik eta azkarren larrialdiko konponketak egin ditzan eskatu zion Zarauzko Udalak Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzari. Idatzi bat bidali zion egoeraren berri emateko. Hori dela eta, atzo 16:00ak aldera hasi ziren itsas pasealekuaren eta itsasertzaren artean harri handiak jartzen, moilatik hasi eta Alle Puntara bitartean daudenen antzekoak. Amaituko ez balute, gaur bertan jarraituko lukete lan horiekin, goizeko 06:30etik hasita. Harresi hori egin bitartean, bertan ezarritako segurtasun perimetroa errespetatzeko eta bertan dauden arduradunek emandako jarraibideei kasu egiteko dei egin die Zarauzko Udalak herritarrei. Hori behin-behineko irtenbidea dela ohartarazi dute, behin betiko obrekin hasi bitartean. Olatuen eraginez, zuloa sortu da malekoi azpian, Marmol tabernaren parean. Harriak jarri dituzte, babesteko (Amaia Ventas/Hitza) Lehentasunak ezarri Malekoia egonkortzea izango da aurrera begira egin beharreko obra «handia».Dagoeneko martxan dago hori egiteko prozesua; Espainiako Gobernua kontratazioak egiten ari dela jakinarazi dute. Pasa den astean bildu ziren Zarauzko udal ordezkariak zuzendaritza horretako arduradunekin. Otsaileko lehen asteburuan izandako itsasaldiak eragindako kalteak zerrendatu zizkieten Zarauzko udal gobernuko kideek, eta horien aurrean egin beharreko lanez jardun zuten bertan, lehentasunak finkatuz. Era berean, malekoia egonkortzeaz gain, Getaria eta Zarautz arteko errepidean eta pasabidean  sortutako kalteak konpontzeko borondatea erakutsi zuen. Horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri da Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritza. Bi erakundeen artean landuko dute golfeko oinezkoentzako bidearen afera ere. Pasabide hori berritzeko aurrez egindako proiektua berraztertuko dute horiek. Lotzeko dago oraindik nork finantzatuko lukeen. Halaber, moilako harrizko horma berreraikitzeko borondatea erakutsi du Kosta Zuzendaritzak. Zumaian, martxan Zumaian ere hasi ditu Kosta Zuzendaritzak olatuek eragindako kalteak konpontzeko lanak. Asteartean bertan ekin zioten, esaterako, Itzurungo horma berreraikitzeari, baita hondartzarako pasabideak zein eskuinaldeko zonaldeko kalteak konpontzeari ere. Lan horiek martxoaren 24ra arte iraungo dutela jakinarazi dute, eta 35.000 euro kostako direla. Horrekin batera, Algorriko zolata eta ezponda konponduko dituzte, eskudelaz gain. Hori aprobetxatuz, ez labaintzeko tratamendu bat egingo dute senai edo itsasartera doan eskaileran. Lan hori 23.823 euro kostako da, eta martxoaren 25erako amaituko dutela aurreikusi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide