Gizen dator otsaileko Kafe Torero

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko otsailaren 27a

Inauterien atarian, ostegun gizena bete-betea dator Zarautzera. Izan ere, ohiko formatutik atera, eta hiru talderekin kontzertu bat antolatu dute Kafe Toreroko lagunek gaurko. «Hirurak bat. Kafe Toreroren eskaintzan ezohikoa den arren, Inauteriak hasten diren egun honetan hiru musikari edo musika talde kontzertu bakarrean bilduko dira», azaldu dute egitasmoko ordezkariek. Hirurak zarauztarrak dira, gainera. Otsaileko azken osteguneko saio horretan Mor More, Arrutiko Intxaurrak eta Isuo Sasiia izango dira Euskalduna tabernako oholtza gainean, herritarren gozagarri. Andrea Lopetegik, Jone Azkoagak eta Lierni Atxukarrok osatzen dute Mor More musika taldea (mormore.bandcamp.com). Gitarra akustikoak kaxarekin lagunduta, begirada feminista islatu ohi dute euren melodietan, besteren artean. Duela urte batzuk hasi zuten ibilbidea, eta otsailaren 7an aurkeztu zuen hirukoteak bere lehen diskoa, Putzuzulo gaztetxean. Eneritz Furyakez gain, Arrutiko Intxaurrak izan zuen taldeak bidelagun aurkezpen horretan. Gaur ere errepikatuko da argazki hori. Ane Arruti kazetari eta kantaria dago Arrutiko intxaurrak ezizen artistikoaren atzean (arrutikointxaurrak.bandcamp.com). 2011ko urrian egin zuen debuta, eta duela bi urte kaleratu zuen sei kantuz osatutako lana, izen berarekin. Ordutik han eta hemen dabil kontzertuak eskaintzen, gitarra lagun duela. Kantu propioez gain, hainbat euskal talderen bertsioak ere tartekatzen ditu zuzenekoetan. Iosu Villanuevak, Isuo Sasiiak,  (isuo.bandcamp.com) biribilduko du Zarauzko artista akustikoen kontzertu anitza. Musika akustikoaz gain, folk melodiak ere lantzen ditu musikariak, gitarra espainolarekin lagunduta. Antolatzaileen arabera, «poeta» da Villanueva, «munduan nahiz bere bizitza pertsonalean ikusi edo bizitako gertaerez hitz egiten digulako». 2011n atera zuen horrek Ez zegoen ezer diskoa. 21:30ean hasiko dute kontzertu hirukoitza, eta sarrera doan izango da. Informazio zabalagoa eskuratu nahi duenak Kafe Torero egitasmoko webgunea bisita dezake: www.kafetorero.com.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide